Tramite hori gaindituta, orain hirigintza-baimena jaso beharko dute.
Indarberri sozietateak Vitoria-Gasteiz, Arrazua-Ubarrundia eta Burgelu udalerrietan proiektatzen dituen Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoen administrazio-tramitazioak aurrera jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzaren eraikitzeko administrazio-baimena jaso ondoren, hirigintza-baimena lortu behar dute orain.
Bi planta fotovoltaiko horien proiektuak aldi berean tramitatzen ari dira, eta dagoeneko jaso dituzte ingurumen-inpaktuaren deklarazioa, aurretiazko administrazio-baimena eta, orain, eraikitzeko administrazio-baimena.
Baimen horiek lortzeak adierazten du bi proiektuak bideragarriak direla ingurumenaren arlotik eta arlo teknikotik; haatik, horrek ez du esan nahi proiektua eraikitzen hasi ahal izango denik. Eraikuntza egin ahal izateko, prozesuak azken administrazio-tramite bat gainditu beharko du oraindik: dagokion hirigintza-baimena lortu beharko du.
Horrenbestez, une honetatik aurrera, prozesuaren beste fase bati emango zaio hasiera. Epe jakinik ez duen fase horretan zehaztuko dira zer hirigintza-eskakizun bete beharko diren bi proiektuen eraikuntzarako behin betiko onarpena lortzeko.