Mikel Jauregi: «Nazioarteko ziurgabetasunaren aurrean, baikortasunez eta ilusioz ari gara lanean Euskadiko industria Europako berrindustrializazioaren buru izan dadin»

0

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua elkarrizketatu dute Radio Euskadiko mikrofonoetan, eta ekonomia eta enpresaren arloko gaurkotasuneko zenbait gai jorratu ditu.

Talgo enpresaren zati bat erosteko eragiketari dagokionez, sailburuak nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritzak konpainia bertan sustraitzearen aldeko apustua egin du. Talgok zuzeneko 7.000 lanpostu eta zeharkako 5.000 lanpostu biltzen ditu eta 400 hornitzaile ditu, gehienak tokikoak. Beraz, garrantzi handikoa da Arabarentzat eta Euskadirentzat. Prozesu horretan guztian Jose Antonio Jainagak egindako lana nabarmendu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak, lehen egunetik bertatik, amaiera positiboa lortzearen alde egin du, eta laster horren berri izatea espero dugu”.

Estatu Batuen muga-zergen politikari dagokionez, “ia erabateko ziurgabetasuneko une batean sartzen ari da munduko merkataritza. Euskadi nazio esportatzailea da, Estatua edo Europar Batasuna baino askoz gehiago; hartara, esportatzeko gaitasunean eragina duen edozerk kalte egin diezaguke. Hala ere, gure esportazioen bi heren Europara doaz, Frantziara eta Alemaniara batik bat. Nolabaiteko kezka dago, baina nahiko neurrizkoa. Euskadiko enpresa batzuk Mexikon eta Kanadan ere finkatuta daude, eta horiek bai jasan dezaketela muga-zergen eragina. Antza denez, Europak ere arlo komertzialean ixteko erreakzioa izango du, eta behar bezala ebaluatu behar ditugu hurrengo urratsak”.

Aste honetan, Industriari Laguntzeko 2025eko Plana aurkeztu da eta 500 milioi euroko aurrekontua izango du. Jauregik adierazi duenez, “garrantzi handiko tresna da enpresek, zalantzazko egoera honetan, inbertsioak egiten jarrai dezaten. Asmoa da inbertsio publikoaren eta pribatuaren artean 2.000 milioi euro mobilizatzea, industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago lortzera begira”.

Lehendakaria buru den Industriaren Defentsarako Taldea ere aste honetan eratu da. “Gure lana da denbora errealean jarraipena egitea, betiere enpresekin, industria-klusterrekin eta erakundeekin batera. Une honetan muga-zergen gaian zentratuta gaude, baina beste urrats batzuk egingo ditugu egoera ebaluatzeko eta kalteak izan ditzaketen enpresa eta sektoreentzako laguntzak planteatzeko”.

Automozioaren sektorearen kasuan, “egia da erronka handiak daudela, hala nola ibilgailu elektrikoarekiko eskari txikia. Baina aukerak ere badaude, agertoki berri horretan gure enpresak eta gure fabrikazio-gaitasuna zabal ditzakegu Europan barrena. Euskadin 40.000 enplegu sortzen dituzten puntako enpresak ditugu, eta horiek sendotzeko eta Europar Batasun osoan bultzatzeko aukera paregabea da”.

“Gure iritziz, munduko testuinguru berrian aukerak sor daitezke Euskadiko industriarentzat”, adierazi du Industriako sailburuak. “Europak berrindustrializazioaren alde egingo du, eta hor Euskadik zeregin garrantzitsua izan dezake. Europar Batasuneko gunerik industrializatuenetako bat gara, eta etorkizuneko industrian inbertsio berriak egiteko eremu emankor bihur gaitezke eta industria suspertzeko prozesu horren buruan kokatu. Baikortasunetik eta ilusiotik abiatuta, horixe izan daiteke Euskadik Europa eraikitzeko proiektuari egin diezaiokeen ekarpena”.

Azkenik, Mikel Jauregi sailburuak energia berriztagarriak sortzeko parke berrien ezarpenari buruzko eztabaida serio, lasai eta arrazionalaren aldeko deia egin du. “Euskadi nazioarteko potentzia da parke eolikoak fabrikatu eta operatzeko garaian, eta horiek etxean eraikitzeko jauzia ere egin behar da. Ia bi hamarkadatan bakar bat ere abian jarri gabe egon ondoren, Labrazako parke eoliko berriarekin jauzi handia egingo dugu. Ez da 5Mw-ko 8 sortzaile instalatzea besterik gabe; gure subiranotasun energetikoaren aldeko apustua eta klima-aldaketaren aurrean egindako ekarpena ere bada. Herrialde aurreratu gisa, Euskadik ezin du soilik % 8ko sorkuntza berriztagarria izan”.