Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak baloratu du Sidenorreko presidente José Jainaga buru duen eta Eusko Jaurlaritza -Finkatuz Funtsaren bitartez-, Caja Vital Kutxa Fundazioa eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa kide dituen euskal partzuergoak Talgo enpresaren akziodun izateko Trilantic funtsarekin lortutako aurre-akordioa —funts hori Talgo enpresaren % 29,7aren jabe da—. Adierazi duenez, “albiste bikaina da Arabarentzat eta Euskadirentzat, enpresaren errotzea eta etorkizuneko industria-proiektua bultzatzen baititu eta enpleguari eusten baitio. Munduan nagusi den ziurgabetasuneko une honetan, Eusko Jaurlaritzak gure enpresei eta herritarrei segurtasuna eta ziurtasuna ematearen aldeko apustua egin du”.
Jauregik azpimarratu duenez, operazioa “gure herriaren industria-garapena indartzeko modurik onenean burutu da. Izan ere, industria-proiektu sendoa duen eta etorkizuna duen Euskadiko trakzio-enpresa baten errotzea bermatzen du. Enpresaren jarduera gure lurraldean geratuko da eta 700 familia baino gehiagoren lanpostuak bermatuko dira, baita haren jarduerak gure lurraldean sortzen dituen zeharkako beste 5.000 lanpostuak ere. Akordio horren bidez, operazio honekin hasi ginenean Talgoren kapitalean sartzeko baldintza gisa planteatutako helburu guztiak bete dira, José Jainagak gidatutako proposamenak helburu horiek islatzen baititu”.
Sailburuak aditzera eman duenez, “pribilegio handia izan da gure herrialdeko enpresa-munduko erreferente batekin, Sidenorreko presidentearekin, batera lan egitea”, eta balioetsi du “industriaren arloko enpresaburu bat modu pertsonalean inplikatzea, gure herriarentzat estrategikoa den proiektu hori Euskadin manten dadin. Herrialde-konpromisoa eta industria-bokazioa dituen enpresaburu handia da. Prozesuan erabat inplikatu izan ez balitz, operazio hori ez zatekeen posible izango”.
Jauregik azpimarratu duenez, operazio hau “lankidetza publiko-pribatuaren adibiderik onena da, Euskadiko industria indartzeko eta, hartara, euskal gizarte osoaren ongizatea indartzeko bide gisa. Argi dugu industria dela Euskadiren motorra eta indarra, eta gure bizi-maila handia bermatu eta aberastasuna eta enplegua sortzen duena. Gaur gauzatu den operazio arrakastatsua industria gehiago eta hobearen aldeko apustua da”.
Azkenik, sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie Caja Vital Kutxa Fundazioari eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioari, indarrak batzearen alde azaldutako prestasunagatik eta “industriaren eta errotzearen aldeko apustu garbian” izandako jarreragatik.
Talgo Euskadiko trakzio-konpainia bat da. Gaur egun, 700 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan zuzenean enpresan, eta Euskadiko 400 hornitzaile inguru trakzionatzen ditu industria osagarrian. Hortaz, 5.000 pertsona inguruko zeharkako enplegua sortzen du. Une honetan, enpresaren eskaera-zorroa 4.000 milioi eurotik gorakoa da.
«Talgoren operazioaren arrakastari esker, Euskadi mugikortasun jasangarriaren munduko erreferente gisa finkatu da», adierazi du Mikel Jauregik.