Baliabide publiko gisa sartzeak eta 2027an protonterapia-zentroa abian jartzeak Donostia Unibertsitate Ospitalea Onkologiako mugaz gaindiko erreferentziako zentro bihurtuko dute Euskadin eta Europan
Datorren ekainaren 30ean, Onkologikoa osasun-zentroa Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuan integratuko da organikoki eta funtzionalki, titulartasun publikoko baliabide gisa.
Hala iragarri du gaur Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Lore Bilbaok ere parte hartu duen agerraldian.
Hitzaldian, Osasuneko sailburuak azpimarratu du Onkologikoa Osakidetzan integratzeak eta 2027an protonterapia-zentroa abian jartzeak Donostia Unibertsitate Ospitalea Onkologiaren arloan erreferentziako mugaz gaindiko zentro bihurtuko dutela Euskadin eta Europan. «Helburua da osasun-zentroak asistentzia ematea Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta baita Iparraldeari ere. Beraz, herri-proiektu bat da. Kalkulatzen dugu 2027rako lehenengo pazienteak tratatu ahal izango direla, eta, gainera, Estatuko lehenak izango direla» iragarri du.
Dekretuak xedatzen duenaren arabera (onarpen-prozeduraren azken fasean dago), Osakidetzak subrogatu egingo ditu Onkologikoko osasun-zentroan lan egiten duten eta Donostialdeko ESIari atxikita geratuko diren langile sanitarioen eta ez-sanitarioen – gaur egun 297 dira, eta horietatik 232 finkoak dira – eskubideak eta betebeharrak.
Hori guztia osasun-zentroan integratzen den unean indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuaren barruko lan-kontratu batean gauzatuko da. Integraziotik kanpo geratzen dira, berariaz, hitzarmen kolektibotik kanpo dauden banakako akordioei lotutako langileak eta goi-zuzendaritzako kontratuei lotutakoak.
Hala, konplexutasun juridiko handiko prozesu bati amaiera eman zaio dekretu honen bidez. Donostialdeko ESIko profesionalei entzuteko prozesu bat aktibatu ondoren, Osasun Sailak Dekretua izapidetzeko prozesua berriro hasi zuen iazko urrian; Euskadin onkologiako erreferentzia-zentro bat izateko proiektuaren azken helbururako antolaketa-eredurik egokiena definitzeko, eta horrek zentro onkologiko monografiko baten erreferentzia kentzea ekarri zuen. «Prozesu konplexu bati buruz ari gara, administrazioaren, zuzenbidearen eta lanaren ikuspegitik; hala ere, azken emaitzak aukera emango du garapen sanitarioaren horizontea irekitzeko, euskal gizarte osoarentzat eragin positiboa izango duena eta Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera emango duena», adierazi du.
Osasuneko sailburuak berak azaldu ditu Legebiltzarrean orain arte eman diren urrats nagusiak, eta ekainaren 30ean integrazioa egitate bat izateko aurreikusitakoak. Laburbilduz hauek dira:
- 2018ko irailaren 8a.- Indarrean sartzen da 127/2018 Dekretua, irailaren 4koa, zerbitzu sanitarioak emateko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak izenpetzeko betekizunei eta prozedurari buruzkoa.
- 2018ko irailaren 11a.- Fundación Onkologikoa Fundazioko lehendakariordeak Fundación Onkologikoa Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko lotura-hitzarmena sinatzeko prozedura hastea eskatzen du.
- 2018ko abenduaren 27a.- Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko lotura-hitzarmena sinatzen da, osasun-zerbitzuak emateko. Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuko osasun-zerbitzuekin funtzionamendu integratua lortzeko asmoz, Fundación Onkologikoa Fundazioak bere jarduerak Osasun Sailak eta Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak hartzen dituzten plangintza-erabakietara egokituko ditu.
- 2023ko abenduaren 29a.- EHAAn abenduaren 22ko 21/2023 Legea —Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena— argitaratzen da.Bertako hamalaugarren xedapen gehigarriak Onkologikoa osasun-zentroa Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoan integratzeari egiten dio erreferentzia.
- 2024ko apirilaren 26a.- EAEko administrazio orokorraren, Osakidetzaren eta Fundación Onkologikoa Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzen da, Fundación Onkologikoa Fundazioaren osasun-zentroaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak EAEko Administrazio Orokorrean integratzeko helburuarekin.
- 2024ko– Onkologikoa osasun-zentroa integratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretua egiteko prozedurari hasiera ematen zaio, Osasuneko sailburuaren, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Agindu bateratuaren bidez.
- 2024ko urria.- Donostialdea ESIko profesionalei entzun ondoren, Onkologikoa osasun-zentroa integratzeko dekretua berriro izapidetzen hasten da, zentro onkologiko monografiko bat sortzeko hasierako proposamena baztertuta.
- 2025eko ekainaren 30a.- Integrazio Dekretua onartzen da.