Osasun Sailak eta Osakidetzak arreta integrala eta terapia berritzaileenen eskuragarritasuna bultzatzen dute, haur-minbizia sendatzeko tasak hobetzeko

0

Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean (urtero otsailaren 15ean ospatzen da), Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromisoa hartu dute gaixotasun hori sendatzeko tasak hobetzearen eta bizirik dirauten haurren bizi-kalitatearen alde lan egiten jarraitzeko. Horrela, gaixo pediatrikoen arreta integrala eta koordinatua, onkologia pediatrikoko unitateen arteko sareko lana, terapia berritzaileenen eskuragarritasuna eta familiei laguntzea bultzatzen dute, pazienteen elkarteekin lankidetza estuan arituz.

Euskadiko Minbiziaren Erregistroaren arabera, haurren artean 70 minbizi inguru diagnostikatzen dira urtean. 1990-2018 aldian, 1.338 kasu detektatu ziren (% 58 mutilak – % 42 neskak), hau da, 159,88 kasu urtean milioi bat pertsonako. Minbizi ohikoenen artean leuzemiak eta linfomak daude —ia erdia dira (% 47)—; ondoren, nerbio-sistemako tumore gaiztoak (% 15) eta beste tumore solido batzuk; azken horien artean, neuroblastomak, ehun bigunetako sarkomak eta hezur-tumoreak.

Minbizia duten 15 urtetik beherako pazienteen biziraupenak gora egin du Euskadin, eta 5 urtera (gaixotasunik gabe) tumore gaizto ohikoenen biziraupena % 80an kokatzen da. Gainera, diagnostikoa zehatzagoa izatearen eta aukera terapeutikoak hobetzearen ondorioz, hilkortasunak beherako bilakaera motela baina progresiboa erakutsi du Euskadin.

Osakidetzan, nabarmentzekoa da tumore multizentrikoen batzordeen eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen eta Donostia Unibertsitate Ospitalearen arteko sare-lana gaixotasun horri aurre egiteko. Aipatutako ospitale horiek erreferentziazko osasun-zentroak dira haurren onkologia-arretan, jaioberrietatik hasi eta 18 urtera arte, diziplina anitzeko arreta, espezializazio handiagoa eta esperientzia-maila bermatzeko, eta, horri esker, osasun-emaitza onenak lortzeko eta, ondorioz, erantzun eta arreta onkologiko onena erdiesteko.

Farmaprest-ek pediatriako tratamendu onkologikoaren esperientzia hobetzen du

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, pazienteen eta hauen senideen egonaldia humanizatzeko etengabeko ahaleginean, pediatriako tratamendu onkologikoaren prozesuan esperientzia optimizatzeko eta hobetzeko tresna bat garatu du. Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitaleko prozesuan parte hartzen duten pertsona guztien arteko komunikazioak digitalizatu eta automatizatzen dituen softwarea da Farmaprest, koordinazioa hobetzeko eta haurrek eta hauen familiek mugitzeko askatasun handiagoa izan dezaten ahalbidetzeko, analisien emaitzen eta ezarritako tratamenduen zain dauden bitartean.

Familiak aldez aurretik emandako telefonora bidalitako SMS baten bidez haiek jakingo dute noiz joan behar duten medikuaren kontsultara analisiaren emaitzak ezagutu ondoren, eta noiz dagoen prest botika Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalean eman ahal izateko.

Itxaronaldiak prozesuari berari lotuta daude; horregatik, Farmaprestek eskaintzen duen koordinazio automatizatuari esker, denbora horiek optimizatu egiten dira, eta familiek ospitale-ingurunea ez den beste batean igaro ditzakete ordu horiek.

Gainera, profesionalei begira, analisiaren emaitzei dagokienez, tresnak adierazle garrantzitsuenak nabarmentzen ditu, eta medikuei haurraren egoera azkar aztertzeko aukera ematen die. Emaitzak ontzat eman ondoren, medikamentua prestatzeko eskatzen dio Farmaziari, eta medikamentua prest dagoenean, Farmaprestek automatikoki jakinarazten dio zeladore-taldeari, tratamendua jaso eta eguneko ospitalera eramateko.

Horregatik guztiagatik, Farmapresten onura nagusia da prozesu luze eta estresagarri bat paziente pediatrikoentzako eta haien familientzako esperientzia eramangarriago bat bihurtzen duela.