Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azken hiru bileretan hartutako erabakiak azaltzeko (2024ko azaroaren 13koan eta abenduaren 23koan, eta aurtengo otsailaren 6koan).
Egindako agerraldian, d’Anjou sailburuak bilera horietan lortutako 30 akordioak balioetsi ditu, autogobernua indartzeko bide gisa. “Gobernu honek konpromisoz lan egiten du, erabakitasunez aurrera egiten jarraitzen du, eta pixkanaka betetzen ari da legealdiaren hasieran ezarritako helburuak. Nahiz eta, oraindik ere, lan handia dugun, urrats sendoz ari gara aurrera egiten finkatutako bide-orrian”, eman du aditzera.
Ildo horretan, Ogasun eta Finantzetako sailburuak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azken hiru bileretan lortutako akordioen ondoriozko hiru mugarri nabarmendu ditu:
- Euskal erakundeek zerga-arloko nazioarteko foroetan parte hartzeko beste fase bat ireki da.
- Beste zerga batzuk hitzartu dira, eta horietako gehienak arau-ahalmen osoa dute. Horrela, gure zerga-autonomia zabaldu dugu.
- Aurrekontu-egonkortasuneko eta finantza-jasangarritasuneko esparru propioa finkatu da Euskadirentzat.
“Gobernuak eta, zehazki, Sailak gure autogobernua indartzearen alde egiten jarraituko dugu. Ezin da bestela izan. Eredu finkatua, aitortua eta egiaztatua da, baina eredua babestu eta indartu behar dugu, gure ongizateari eragiten dioten eta gure eskumenekoak diren politika publikoen inguruan erabakitzeko ahalmenari eutsi eta zabaltze aldera. Haren defentsak guztioi hel egiten digu, eta hura hedatzea onuragarria da gure Herriarentzat”, laburbildu du Noël d’Anjou sailburuak agerraldi honetan.