Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, 2025eko ekitaldian, ardoaren sektorera bideratutako aurreko ekitaldietako ezohiko hainbat deialdi finantzatzeko kreditua handitzeko erabakiari; guztira 1.806.716, 69 euro dira. Ukrainako gerraren ondorioz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ezohiko hainbat laguntza deitu zituen hura ardoaren sektorean izaten ari zen eraginak arintzeko. Horretarako, besteak beste, honako deialdiak egin ziren:
2024ko urriaren 30ean, 2024rako ezohiko laguntzak onartu ziren Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren (JDK) babespeko Arabako mahastizainentzat, 2025eko kanpainan beren ekoizpen-ahalmena berreskuratzen laguntzeko. Deialdi hori, 1.700.000,00 euroko zuzkidura zuena, ezin izan zen 2024an ebatzi kudeaketa konplexuaren ondorioz, espediente-kopuruagatik eta deialdiaren epeengatik, eta 2025. ekitaldian finantzaketa behar du, beraz.
2024ko urriaren 22an, 2024rako aparteko laguntzak onartu ziren ardogintza-sektorerako Errioxa JDKren babespean zeuden mahastizainentzat, Ukrainako gerratik eratorritako enpresa-etekinak murriztegatik. Deialdi hori 2024ko ekitaldian ebatzi zen, baina hirugarrenen erregistroan alta ematea lortu ez zuten espediente-kopuru jakin bat dago (onuradunak) eta kontabilizatzeko daude. Espediente horiek 104.845,26 eurora iristen dira.
2023ko irailaren 26an, 2023rako aparteko dirulaguntzak onartu ziren ardogintza-sektorerako, Errioxa JDKren babespean zeuden mahastizainentzat, Ukrainako gerra zela-eta enpresa-errendimenduak urrituta ikusi zituztelako. Deialdi hori bere garaian ebatzi zen, baina aurkeztutako eta onartutako errekurtsoei erantzun behar zaie; 1.871,73 euro dira guztira.
Ondorioz, Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Sailaren eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aldez aurreko txostenarekin, erabaki du egokia dela aipatutako premiei erantzuteko kreditu globala 1.806.716.99 eurotan handitzea.