Era berean, Osasun Datuen Euskal Bulegoa sortuko du, informazioa alor horretako plangintza eta ikerketa hobetzearen zerbitzura jartzeko, eta, ondorioz, baita osasun-laguntzaren beraren zerbitzura ere
Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaio Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzarmena sinatu dutela Osasun Datuen Espazio Nazionala (ENDS) – Data Lake sanitario izenekoa sortzeko, Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Zehazki, hitzarmenari esker, Osasun Sailak 1.354.974,40 euro transferituko dizkio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari, eta EBk babesten duen ekimen horretan inbertituko dira, ekonomia eta enplegua suspertzeko tresna gisa, COVID19aren osteko erronka sozioekonomiko nagusiei erantzuteko. Ildo berean kokatzen da Osasuneko I+G+Bko 2025-2028 plan berria, zeinak lehentasunezko lan-eremu gisa jasotzen baitu Euskadiko osasun-datuaren kudeaketa.
Europarekin lerrokatutako estrategia
Izan ere, Osasun sailburu Alberto Martínezek urtarrilean iragarri zuen Osasun Datuen Euskal Bulegoa sortuko zutela. Tresna horrek balioko du informazioa esparru horretako planifikazioaren eta ikerketaren hobekuntzaren zerbitzura jartzeko, eta, ondorioz, osasun-asistentziaren beraren zerbitzura. Orduan adierazi zuen bezala, “Osasun Datuen Europako Esparruaren estrategiak erreakzionatzera behartzen ditu herrialdeak, eta ahalik eta ondoen prestatuta iritsi nahi dugu osasun-datuak irekian erabiltzea errealitate bihurtzen den unera”. “Eta horretarako —gaineratu zuen— estrategia propioa izango dugu, Europarekin lerrokatua, Euskadiren potentzial teknologiko industriala aprobetxatuz, datuaren kudeaketak sortuko dituen soluzio berritzaileek Euskadiko osasun-sistema publikoaren eta herritarren hobekuntza ekar dezaten”.
Antzeko hitzarmen baten bidez, Osasun Sailak eta Osakidetzak joan zen azaroan Europako funts horietatik 10,5 milioi euro inguru bideratu zituzten, kasu honetan, arreta pertsonal digitalizatura, Gaixotasun Arraroak eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (EAE) duten pazienteen arreta hobetzera, eta zorro genomikoa handitzera.