Euskadiko gaitasun handiko ikasleentzako mentoretza programa % 148 hazi da bere eragina biderkatuz

0

ZUR-EKIN programak 125 ikasle artatu ditu, 14 mentorek eta Adimen-gaitasun Handien Garapenerako Laguntza Unitateak gidatuta

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua prentsaurrekoan agertu da gaur ZUR-EKIN mentoretza-programaren berri emateko. Gobernu Kontseiluan aurkeztu du, emaitzak hobetzeko 2024-2028 estrategia integralaren testuinguruan kokatuta. Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan garatzen den programa hori Gaitasun Handiko Ikasleei Arreta Emateko Planaren barruan sartzen da, eta bigarren edizioa du aurtengoa.

Ahalik eta potentzial handiena garatzea

Pedrosa sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailaren lehentasuna «ikasle guztien potentzial handiena garatzea» da. Jakinik gaitasun handiko ikasleek arreta espezifikoa behar dutela, Hezkuntza Sailak «talentuak identifikatzeaz gain, ingurune eta tresna egokiak eman nahi dizkie, akademikoki eta pertsonalki hazteko».

ZUR-EKIN programak Eusko Jaurlaritzak Euskal Hezkuntza Sisteman ekitatea eta bikaintasuna indartzeko erabiltzen duen estrategia globalari erantzuten dio. Komunitate zientifikoak erakutsi duenez, mentoretza da ikasle horiei laguntzeko metodologiarik eraginkorrenetako bat, «eta Euskadin norabide horretan aurrera egiten jarraitzen dugu; mentoretza-eredua arrakastatsua da jada, eta gure ikasleei ezagutzaren muga berriak arakatzeko aukera ematen die, mentore adituen eskutik», ondorioztatu du sailburuak.

Ikasturte honetan, ZUR-EKINek DBHko hirugarren eta laugarren mailako eta Batxilergoko lehen mailako 125 ikasle ditu, 14 mentorek eta Adimen-gaitasun Handien Garapenerako Laguntza Unitateak gidatuta.