Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 2026. ekitaldian konpromiso-kredituak handitzeari, 2025-2026 aldiko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) deialdia finantzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak baimendutako konpromiso-kredituak aldatu eta urtekotan bana ditzake gastuaren beharrak hala eskatzen badu, eta ordainketa-kreditua kaltetzen ez bada eta konpromiso-kreditu osoa gainditzen ez bada.
Ogasun eta Aurrekontuen Sailak proposatuta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak konpromiso-kredituen egoera-orria zabalduko du, kreditu berriak onartuz edo baimendutakoen zenbatekoa handituz ordainketa-kredituen zenbateko osoaren % 5era arte.
Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) Europar Batasuneko estatu kide guztiek partekatzen dute, eta nekazaritza-jardueraren eta gizartearen, lurraldeen eta sektorearen arteko elkarketa adierazten du Europar Batasunaren aurrekontuarekin finantzatutako eskema laguntzaile baten bidez. 1962an sortu zenetik, politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, bata bestearen atzetik egindako erreformen bidez.
NPBren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, kasuan kasuko erregelamendu eskuordetu eta betearazleekin batera, 2023-2027 aldian NPB aplikatzeko oinarriak finkatzen dituzte eta aplikazioa bera arautzen dute, balizko luzapenak eragotzi gabe.
NPB berria 2023tik 2027ra aplikatuko da, eta aurreko NPBren funtsezko elementuak mantentzen ditu, baina laguntzen azken onuradunek bete beharreko betekizunen deskribapenean oinarritutako politika izatetik emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igaroko da, emaitzok hiru helburu nagusiri lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea eta Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, horien artean Parisko Akordioari jarraituz hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landaren Garapeneko eta Europako Politiketako Zuzendaritza orain hasiko da zuzeneko ordainketen bidez egindako esku-hartzeen 2025erako deialdiak izapidetzen, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) kontura finantzatuta NPBren barruan. Horretarako, ez zuen konpromiso-kreditu nahikoa 2026. ekitaldirako, Zuzendaritzak berak adierazitako premien arabera. Premia berriak Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren 2023-2027 programazio-aldi berriaren ondorio dira, bertan kredituen urteko kopuruen arteko portzentajezko banaketak antolamendu berria baitu, n urtean murriztuz eta n+1 urtean handituz.
Hori dela eta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eskatu du 2026an konpromiso-kredituak igotzea, 2026ko ekitaldian konpromiso-kredituak gehitzeko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) 2025-2026ko ekitaldia finantzatzeko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 71110-Nekazaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena programan.