Gobernu Kontseiluak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zenbait ebazpen onartu ditu gaur, 2025erako 1,27 milioi euroko dirulaguntza emateko.
Dirulaguntzetako bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri, koadrila, mankomunitate eta udalerri-taldeei zuzenduta dago, honakoak egiteko: diagnostikoak eta/edo «emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak eta/edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak» egitea eta ebaluatzea, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. 500.000 euro erabiliko dira horretarako.
Emakundek 400.000 euroko beste dirulaguntza lerro bat ere deitu du, alde batetik, 10 eta 150 langile bitarteko plantilla izanik, lehen berdintasun-diagnostikoak eta -planak egin nahi dituzten erakunde eta enpresa pribatuei laguntzeko, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak behar dituztenei laguntzeko ere. Era berean, gutxienez 10 langile dituzten eta aldez aurretik berdintasun-planak ezarrita dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzea du helburu, baldin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriara egokitzeko betebeharra badute.
Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta sentsibilizatzeko irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteek bultzatutako programei dagokienez, Emakundek 300.000 euroko laguntzak ematea onartu du.
Gainera, hiru beka deitu ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerlanak egiteko. Guztira, 70.000 euro emango dira.
Deialdi horien guztien eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko apirilaren 1ean amaituko da, enpresen deialdirako izan ezik, horien eskaera apirilaren 9ra arte luzatuko baita.