Hirigintza Estandarren Dekretu berriak udal-autonomia indartuko du eta etxebizitza berriak jasangarriagoak eta irisgarriagoak izatea sustatuko du

0

Gobernu Kontseiluak Hirigintza Estandarren Dekretua onartu du gaur. Araudi berri honek, ingurumena errespetatzen duten hiri moderno eta inklusiboaren ikuspegiari erantzuten dio.

«Gure helburua da – azaldu du Denis Itxasok –hiriak pertsonengan pentsatuz eraikitzea, hiriak espazio irisgarriak, jasangarriak eta orekatuak izan daitezen. Eta, baita ere, udal-autonomiaren aldeko apustua egitea, udalen sentsibilitatea eta bizilagunen errealitatearekiko hurbiltasuna funtsezkoak baitira hirigintza-beharrak diagnostikatzeko, hirien egungo eskaerei erantzuteko eta tentsionamendu egoerei hobeto erantzuteko”.

Dekretu honen bidez, halaber, hirigintzako estandarrak hobeto zehaztea lortu nahi da, termino teknikoen interpretazioan anbiguotasunak saihestu eta haien aplikazio praktikoa errazteko.

Dekretuan jaso diren aldaketa esanguratsuenak dira:

  • Hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko eraikigarritasuna arautzea, legeak baimendutako mugak ezarriz, neurrigabeko garapenak saihesteko.
  • Berdeguneen eta eremu publikoen sistema orokorra zuzkitzeko irizpide zorrotzagoak, biztanleko gutxienez 5 m² espazio libreetarako ziurtatuz, eta horietatik % 50 berdegune iragazkorra izan behar duela bermatuz.
  • Zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikoko zuzkidura edo ekipamendu komunitarioetara bideratutako lurzoru eta eraikinetan kokatzea ahalbidetuko da.
  • Aparkalekuaren eta mugikortasun iraunkorraren plangintza hobetzea. Plazen %50 bizikletetarako erabiltzea ahalbidetuko da, ibilgailu pribatuen eta garraio alternatiboaren arteko oreka sustatuz eta erabaki horretan udal-autonomia errespetatuz.

Transferentzien Batzorde Mistoa otsailaren 28an

Maria Ubarretxena bozeramaileak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio otsailaren 28an, ostirala, Transferentzien Batzorde Mistoa egiteko akordioa lortu zutela Estatuarekin joan den astean Madrilen egindako bileran.  “Bilera horretan, atzerritarrentzako lan-baimenen eskumena eta meteorologiaren alorreko eskumena Euskadira eskualdatzeko sinatuko da” adierazi du Ubarretxenak.

“Joan den asteazkenean bildu ginen bi gobernuetako arduradunok, Madrilen, eta bi gai horiei buruzko azken akordioa burutu genuen- jarraitu du- aurrera pauso berria eman da eta Euskadik bi eskumen gehiago izango ditu laster”.

Aurretiazko Borondateen Erregistroaren Hitzarmena

Gobernu Kontseiluak, gaur, hitzarmen bat sinatzea onartu du, notarioei beren lana errazteko Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora telematikoki dokumentazioa bidali behar dutenean, edota borondate horiek ordeztu edo baliogabetu behar dituztenean ere.

Bozeramaileak esan du Osasun sailak sustatutako hitzarmen honen helburua dela notarioek modu seguruan egin ahal izatea Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrorako transmisio telematikoa.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa 2004an sortu zen, eta, haren arabera, herritarrek beren borondatez inskribatu ditzakete osasun alorreko aurretiazko borondateen dokumentuen onarpena, aldaketa, ordezkapena eta ezeztapena.

Euskadin erregistratutako aurretiazko borondateen dokumentuen kopurua 62.000 ingurukoa da, eta horietatik 11.700 baino gehiago 2024koak dira.

Euskadiko inskripzio-tasa, 1.000 biztanleko, 27,7koa da, Estatu osoko altuenetako bat, Nafarroaren atzetik. Estatuko batez bestekoa, 1.000 biztanleko, 11,5ekoa da.

Osasunari buruzko datugunea

Osakidetzak 1,35 milioi euro bideratuko ditu “Osasun Datuen Espazio Nazionala (ODEN) – Data Lake sanitarioa” izenekoa sortzeko.

Maria Ubarretxenak aditzera eman duenez, espazio horri esker, datuak partekatu ahal izango dira beste osasun-sistema batzuekin eta “laguntza emango digu gaixotasunen diagnostikoa identifikatzeko eta hobetzeko, eta osasun-arriskuko egoerak aurreikusteko”.

Europar Batasunak bultzatutako ekimen hau NEXT diru-funtsen bidez finantzatuko da.

Osasun sailburuak iragarri zuen moduan, Osakidetzak Osasun Datuen Euskal Bulegoa ere sortuko du. Helburua da informazioa arlo horretako plangintza eta ikerketa alorren zerbitzura jartzea horiek hobetzeko eta azken batean, osasun arreta bera ere hobetzeko. “Bulego honekin, Europarekin lerrokatutako estrategia propioa izango dugu, Euskadiren potentzial teknologiko industriala aprobetxatuz; horrela, datuen kudeaketa horrek sortuko dituen konponbide berritzaileek Euskadiko osasun-sistema publikoa eta herritarren ongizatea hobetuko dituzte” gaineratu du.

Joko arduratsua

Bozeramaileak azaldu du, Gobernu Kontseiluak gaur deialdi bat onartu duela joko arduratsuari buruzko informazioa zabaltzen laguntzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko.

Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak 100.000€ emango ditu jarduera hauek martxan jartzen laguntzeko: heziketa-kanpainak; prebentzio- eta laguntza-programak, edo jokoarekiko adikzio-portaeren problematikari buruz orientatzeko sentsibilizazio- eta dibulgazio-proiektuak.

EMAKUNDEren dirulaguntzak, udaletan eta enpresetan berdintasun-planak bultzatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko 

Azkenik, Gobernu Kontseiluak EMAKUNDE Emakumearen Euskal Erakundearen zenbait ebazpen ere onartu ditu gaur, 2025erako 1,27 milioi euroko dirulaguntza eta bestelako laguntzetarako deialdia egiteko.

Dirulaguntzetako bat zuzenduta dago Euskal Autonomia Erkidegoko udal, kuadrilla, mankomunitate eta udal-elkarteetara, eta 500.000 euroko partida izango du.

Horretaz aparte, Emakundek 400.000 euroko dirulaguntza emango die entitate eta enpresa pribatuei, lehenengo aldiz berdintasun-diagnostikoak eta -planak egin ditzaten.

Eta beste programa batzuen artean, 300.000 euroko laguntzak emango dira irabazi-asmorik gabeko antolakunde eta elkarteentzat, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta sentsibilizazio programetarako eta guztira, 70.000 euroko 3 beka ere bai.