Lanbidek, SEPEk eta IGIk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kudeatzeko

0

Akordioaren helburua da subsidioa kalkulatzeko eskatzen diren baldintzak izapidetzeko eta betetzen direla egiaztatzeko behar den informazioa eskuratzeko aukera ematea

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak, SEPE – Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta ISM – Itsasoko Gizarte Institutuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kudeatzeko datozen lau urteetan. Akordio horren helburua da laguntza kalkulatzeko eskatzen diren baldintzak izapidetzeko eta betetzen direla egiaztatzeko behar den informaziorako sarbidea erraztea.

Lanbidek legez dauka aitortuta Gizarte Segurantzaren Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazio ekonomikoaren aitortza eta kontrola, bai langabeziagatiko subsidioa Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren prestaziora igarotzeko, bai dagozkion aldietan BGDren eskaeretan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, prestazioa kalkulatzerakoan.

Horrela, SEPEk modu elektronikoan emango dizkio Lanbideri interesdunaren identifikazio-datuak eta, hala badagokio, haren familia-unitateko gainerako kideenak, jasotako prestazioaren zenbatekoa, laguntza agortu den data eta kontu korrontearen zenbakia.

Nolanahi ere, informazioa ematean, datu pertsonalak babesteko araudian jasotako legezko berme, segurtasun, osotasun eta konfidentzialtasun guztiak beteko dira. Hori bai, horretarako, interesdunei baimena eskatu beharko zaie erantzukizunpeko adierazpen bat betez.

Hitzarmena betearazteko jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismo gisa, Koordinazio eta Jarraipenerako Batzorde Mistoa sortuko da. Alderdi sinatzaile bakoitzeko hiru ordezkarik osatuko dute. Presidentzia hamabi hilabetez izango du, txandaka, alderdi bakoitzak, SEPEtik hasita.