Osasun Sailak Erregistrora Aurretiazko Borondateen agiriak telematikoki bidaltzeko aukera emango die notarioei

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du hitzarmena sinatzea. Hitzarmen horrek Osasun Sailaren eta Euskal Herriko Notarioen Elkargo Txit Prestuaren arteko lankidetza-esparrua ezartzen du, horren inguruan formalizatutako dokumentuak notarioak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora telematikoki bidal ditzan errazteko, baita dokumentu horiek ordeztu edo errebokatu ditzan ere, baldin eta egileak hori inskribatzeko asmoa duela adierazten badu. Azken batean, notariotzaren plataforma informatiko korporatiboarekiko interkonexioa erraztea da helburua, plataforma horren bidez notarioek Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora transmisio telematikoa modu seguruan egin ahal izan dezaten.

Euskadin bultzada handia eman diote azken urteotan aurretiazko borondateen agiria lantzeari. Agiri horren bidez, adinez nagusi, gai eta aske den pertsona batek aldez aurretik adierazten du bere osasunaren zainketei eta tratamenduei buruzko borondatea, baita heriotza iritsitakoan bere gorputzarekin edo organoekin egin beharrekoari buruzkoa ere.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu zenean, 2004an, ezarri zen borondatezko egileek osasun-esparruko aurretiazko borondateen agiriak eman, aldatu, ordeztu eta ezeztatu ahal izango zituztela.

Izan ere, Euskadin erregistratutako aurretiazko borondateen agirien kopurua 62.000 ingurukoa da, eta horietatik 11.700 baino gehiago 2024an eginak dira. Euskadiko inskripzio-tasa 27,7koa da 1.000 biztanleko, Estatu osoko altuenetakoa, Nafarroaren atzetik. Estatuan, batez beste, 11,5ekoa da 1.000 biztanleko.

Aurretiazko borondateen agiria honako hauek egin dezakete: notarioak, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunak, baimendutako medikuek eta erizainek, edo hiru lekukoren aurrean egindakoek.

Aurretiazko borondateen agiriak notario aurrean formalizatu badira, interesdunak notarioaren bulegoari berari eskatu ahalko dio egilespena bitarteko elektronikoen bidez bidaltzeko, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatzeko.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita. Aho batez erabaki ahalko da esanbidezko luzapena, gehienez ere beste lau urterako.