Ertzaintzako Trafiko Unitateko motor-gidariek babes-airbagak erabiliko dituzte

0

Trafiko Unitateko agenteek material berriak eta babesak izango dituzten uniforme berriak ere estreinatuko dituzte

Segurtasun Sailak Trafiko Unitateko agenteek eramango dituzten babes-airbagak aurkeztu ditu gaur.  Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egindako aurkezpenean, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak gogorarazi duenez, “nahiz eta gaur egun legediaren arabera motor-gidariak ez dauden behartuta babes-airbagak eramatera, Segurtasun Sailak beharrezkotzat jo du Trafiko Unitateko agenteei aparteko babes-elementu hori hornitzea”.  “Ertzaintzako agenteen babesak eta segurtasunak kezkatzen gaitu, eta, horregatik, gure kale eta errepideetan egiten duten eguneroko lanean haien segurtasuna, mugikortasuna eta erosotasuna hobetuko dituzten elementu berriak hornitzearen aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak.

Gaur goizeko aurkezpenean, Segurtasuneko sailburuarekin batera izan dira Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, trafikoko lurralde-unitateetako buruak eta Trafiko Unitateko agenteak.

Ertzaintzaren Trafiko Unitateko 200 motor-gidarik baino gehiagok istripuren bat izanez gero segurtasun gehigarria emango dien airbag bat izango dute. Airbaga uniformea babesteko jakaren azpian jartzen den txaleko batean doa, eta elektronikoki aktibatzen da istripu-egoeretan, bai motozikleta geldirik dagoela bai martxan dagoela, baita oso abiadura txikian ere. Txalekoak sentsore integratuen sistema elektroniko bat du motor-gidarien mugimendua aztertzeko, eta, modu horretan, adimen artifiziala erabiltzen duen algoritmo baten bidez, airbaga noiz zabaldu behar den aurreikus dezake, eta, horren arabera, aktibatzeko agindua eman gas-kartutxoari hura puzteko. Airbag-sistemak bizkarreko babes pasibo integratu bat du, eta bizkarra babestuko du istripu-egoera batean sistema zabalduko ez balitz ere.

Hauek dira airbag txalekoen ezaugarriak:

  • Neurria hautatzeko aukera, eta horri esker airbag txalekoa anatomia desberdinetara egokitu daiteke. Agenteek diseinu ergonomikoak izango dituzte emakumearen anatomiara egokitzeko.
  • Puzteko denbora 25-40 milisegundokoa da
  • Bateriak 32 orduko iraupena du, martxan jartzen den unetik
  • Karga erraza du USB bidez
  • Bizkarreko babes pasiboa du, nahiz eta sistema ez zabaldu istripu-egoeretan
  • Ehuna urradurarekiko erresistentea da
  • Kanpoko ehuna urarekiko erresistentea da
  • Elektronika iragazgaitza du
  • Txaleko garbigarria da

Segurtasun Sailak motor-gidarientzako 600 txaleko erosi ditu, eta Ertzaintzaren Trafiko Unitateko motor-gidarien artean banatzen ari da. Agenteetako batzuek errepidean dagoeneko egin dituzte prebentzio- eta zaintza-lanak airbag berriekin.

Babes hobeak dituzten jantziak

Agenteek Trafiko Unitateko motor-gidarientzako uniforme berriak, ehunetan eta babesetan hobekuntzak dituztenak, ere estreinatuko dituzte. Jantzia jakak eta galtzek osatzen dute, biak atal ezberdinetan estrategikoki kokatuta dauden ehun ezberdinek osatzen dituzte, eta osorik hartuta erresistentzia, elastikotasuna eta, aireztatzeko, airearekiko iragazkortasuna ematen diote. Jakak ikuspen handiko kolore gorria eta urdina ditu, eta galtzak urdinak dira. Biek seinaleztapen- eta identifikazio-elementu islatzaileak dituzte. Bi elementuek babesak dituzte integratuta atal jakinetan, hala nola sorbaldetan, ukondoetan, belaunetan, aldakan eta bizkarrean, eroriz gero kolpeek eragindako inpaktuak leuntzeko.

Orain arte motor-gidarientzako 460 jantzi erosi dira, eta 2025ean beste 160 erosiko dira.