Euskadiko lehen txertaketa-egutegiaren 50. urteurrena
- Euskadiko Txertaketari eta Immunizazioari buruzko III. Jardunaldiaren inaugurazioan, Osasuneko sailburu Alberto Martínezek adierazi du prebentzioa dela gure sendagairik onenetako bat, eta, horregatik, 2025ean aurrekontua % 30 igo da Euskadin
- Euskadiko lehen txertaketa-egutegitik 50 urte bete direnean, osasun-arloko profesionalen konpromisoaren, ikerketa zientifikoaren ahaleginaren eta herritarrek txertaketan duten konfiantzaren garrantzia nabarmendu du
- Euskadin 25 immunizazio-produktu baino gehiago eskuratzen dira urtean, eta milioi 1 dosi baino gehiago kudeatzen dira; haietatik, 500.000 dosi baino gehiago gripearen aurkako txertoarenak dira
Euskadiko txertaketa-egutegia finkatu izanari esker, txertaketa-estaldura handiak lortu dira, eta gaixotasunak kontrolpean eduki dira. Izan ere, haurren % 90 inguruk hartu dute parte txertaketa-programan. Testuinguru horretan, Osasuneko sailburu Alberto Martínezek adierazi du prebentzioa dela gure sendagairik onenetako bat, eta, horregatik, 2025ean prebentzioaren aurrekontua % 30 igo da Euskadin. “Txertaketa. Babes handiagoa. Osasun hobea”, azpimarratu du.
Hori adierazi du Osasun Sailak antolatutako eta Donostiako Kursaal Jauregian egindako Euskadiko Txertaketari eta Immunizazioari buruzko III. Jardunaldiaren inaugurazioan. Jardunaldi hori ezagutzak partekatzeko, erronkei buruz gogoeta egiteko eta osasun publikoaren historia aldatu duen esparru horretan aurrera egiten jarraitzeko topagunea da.
Euskadiko lehen txertaketa-egutegitik berrogeita hamar urte bete direnean, Osasuneko sailburuak osasun-arloko profesionalen konpromisoaren, ikerketa zientifikoaren ahaleginaren eta, batez ere, herritarrek txertaketan duten konfiantzaren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, “horri esker, gaur egun gizarte osasuntsuagoa dugu, eta hobeto babestuta dago duela gutxi gure komunitateetako bizitza modu dramatikoan markatzen zuten gaixotasun infekziosoen aurrean”. Ildo horretan, ebidentzian, prebentzioan eta belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako gizarte-itun hori indartzen jarraitzearen alde agertu da.
Euskadin 25 immunizazio-produktu baino gehiago eskuratzen dira urtean, eta milioi 1 dosi baino gehiago kudeatzen dira (erosketa, banaketa eta ematea); haietatik, 531.722 dosi gripearen aurkako txertoarenak dira.
Prebentzioarekiko konpromisoaren azken adibidea Euskadiko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina izan da. Izan ere, euskal gizartearen erantzuna bikaina izan da, eta % 4ko igoera lortu da aurreko urtearekin alderatuta. Txertaketaren behar bezalako plangintzari eta herritarren erantzun egokiari esker, kontingentzia-plan bat diseinatu ahal izan da osasun-arloan konplexuenetakoak diren urteko aldietarako, hots, gabonetarako eta gripearen goi-denboraldirako. Denboraldi honetan, 22.400 dosi jarri zaizkie 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrei, eta ia bikoiztu egin da adingabeen kolektibo horren txertaketa. “Prebentzioa. Aurreikuspena. Plangintza. Segurtasuna. Horrek guztiak osasun indibidual eta kolektibo hobea dakar”, adierazi du Alberto Martínezek.
TXERTAKETA-PROGRAMAK: 50 URTE
Euskadin 1975ean lehen txertaketa-egutegia ezarri zenetik, aurrerapena geldiezina izan da. Txertoei esker, baztanga desagerraraztea, poliomielitisa munduan kasu gutxi batzuetara murriztea eta elgorria edo sortzetiko errubeola desagerrarazteko bidean aurrera egitea lortu da. Hain zuzen ere, Osasuneko sailburuak adierazi duenez, txertaketa-estaldura onik gabe hainbat gaixotasunen kasuek eta agerraldiek kalte handiak eragingo lituzkete gure erkidegoan (adibidez, elgorriaren egungo agerpenak aipa daitezke). 2023an, Euskadik % 96,79ko txertaketa-estaldura izan du lehen dosirako, eta % 92,44koa bigarren dosirako.
Berrogeita hamar urte hauetako mugarrietako bat kontzeptu-aldaketa izan da. Izan ere, haurren txertaketa-egutegiaren ordez bizitza osoko txertaketa-egutegia dago orain, helduentzako txertaketa-gomendioekin, zahartzarora ahalik eta osasunik onenarekin iritsi ahal izateko. Egungo eta etorkizuneko erronketako bat da hori. Osasuneko sailburuak aipatu duenez, «txikienengandik ikasi behar dugu; izan ere, askotan beldurrik eta zalantzarik gabe joaten dira txertatzera, osasunerako onena delakoan. Haiek argi badute, guk ere argi izan beharko genuke».
Euskadiko Txertaketen Aholku Batzordeak etengabeko jarraipena egiten du txertaketa-egutegia eguneratzeko. Horren bidez, txertaketa-programek behar duten pertsona guztiak (jatorria edo adina edozein izanik ere) babestuko dituztela bermatzen da. Izan ere, Osasun Sailak Euskadiko 2025eko txertaketa-egutegia eguneratu du duela hilabete, bai helduena, bai haurrena, herritar guztien immunitatea sendotzeko. Bi berrikuntza ditugu haurren txertaketan: errotabirusaren aurkako txertoa haur osasuntsuengan, eta 15 serotipo hartzen dituen txerto antipneumokoziko konjugatua, 13 serotipokoaren ordez.
Agertzen ari diren infekzioei aurre egiteko estrategiek gogorarazten digute immunizazioa oraindik ere funtsezko tresna dela osasun publikorako arriskuen aurka. Ildo horretan, One Health delakoaren ikuspegia aipatu beharra dago, ikuspegi integral baten beharra indartzen duena eta gizakien osasuna, animaliena eta ingurumenarena elkarri lotuta daudela dioena.