Hezkuntza Sailak Viralgen enpresarekin garatutako Lanbide Heziketako Terapia Genikoaren programa zabaldu du sektore bioteknologikoko enpresa gehiagotara

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Terapia Genikoko Sendagaien Fabrikazio Industrialean eta Kalitate-kontrolean espezializatzeko programa ezarri du. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta Viralgen enpresaren bitartez, Don Bosco, Easo Politeknikoa eta Plaiaundi Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan, terapia genikorako bektore birikoak ekoizten dira programa horri esker. Ekimen estrategiko honek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketa berritzailearen alde eta sektore bioteknologikoaren beharrekin lerrokatuta egiten duen apustua.

Terapia genikoaren programa espezializazio handiko teknikariak prestatzeko diseinatu da eta erreferentzia bihurtu da Euskadin. Ikasleei lan esparruko gaitasun errealak eskuratzea ahalbidetzen die, ikaskuntza akademikoa eta goi-teknologiako inguruneetako praktikak konbinatzen baititu prestakuntzak. Eusko Jaurlaritzaren eta Viralgen enpresaren arteko lankidetza horri esker, Lanbide Heziketako zentroek azken belaunaldiko teknologiak integratu ahal izan dituzte beren prestakuntza-eskaintzan, eta enpresa-sarearekiko lotura indartu ahal izan dute.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak Viralgen enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur, ikasleen esperientzia eta programaren emaitzak bertatik bertara ezagutzeko. Pedrosaren hitzetan, «Euskadi erreferentea da Lanbide Heziketan, berritzeko eta sektore estrategikoetara egokitzeko duen gaitasunari esker, hala nola bioteknologiara. Programa horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza eraginkorrak kalitatezko lan-aukerak sortu eta gure ekonomia indartu dezakeela «.

2019an abiarazi zenetik, Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuaren (EIEI) babesa izan du programak. Ikastetxeekin eta sektore bioteknologikoarekin lankidetza estuan lan egin du, bikaintasuneko prestakuntza bermatzeko. Horren ondorioz, Euskadi abangoardian dago terapia genikoko sendagaiak fabrikatzeko profesionalen prestakuntzan, etengabe hazten ari den eta balio erantsi handia duen sektorea baita.

Programa hau Viralgen enpresarekin batera diseinatu eta garatu da. Enpresa honek 90 ikasle baino gehiago hartu ditu bere laborategietan azken lau urteetan. Gaur egun, konpainiak 420 langile ditu guztira; horietatik 69 Lanbide Heziketako programa honetatik datoz, eta beste 12 praktika-kontratuan daude. Jimmy Vanhovek, Viralgengo zuzendari nagusiak, adierazi duenez, «Programa honek aukera ematen digu gure industriak behar dituen etorkizuneko profesionalak prestatzeko, ikasleei ingurune erreal batean ikasteko aukera emanez, puntako teknologiarekin eta etengabe eboluzionatzen ari den sektore batean, hots, bioteknologian».

Programa arrakastatsua izan denez, Eusko Jaurlaritzak erabaki du ekimen hori zabaltzea sektore bioteknologikoko enpresa gehiagotara. Datorren urtetik aurrera, Terapia Genikoen programa irekiko zaie proiektuan parte hartu nahi duten konpainia guztiei. Programak Dual Intentsiboaren ereduarekin jarraituko du, ikasleei hainbat enpresatan duten prestakuntza konbinatzea eta ondoren lan-aukera gehiago izatea erraztuz.

Mota honetako ekimenen bidez, Euskadik Lanbide Heziketa berritzailearen aldeko apustua indartzen du, etorkizuneko erronkei egokituta eta Lanbide Heziketako VI. Euskal Planarekin lerrokatuta. Ikaskuntza-eredu berritzaileen eta produkzio-errealitatearekin konektatuen aldeko apustuari esker, Euskadi da hezkuntzaren eta lanaren eraldaketaren buru, eta ikasleek proiekzio handiko sektore teknologikoetan kalitatezko enplegu-aukerak izatea bermatzen du. Pedrosak azaldu duenez, «egun 20.000 enpresa lankidetzan ari dira Hezkuntza Sailarekin Prestakuntza Dualaren eremuan, eta ikasleen % 100ek beren prestakuntza amaitzen dute lan-eremuarekin harreman estua izan ondoren. Eredu arrakastatsu baten erakusgarri da hori» ondorioztatu du Hezkuntza sailburuak.

Euskadiko Lanbide Heziketan, gaur egun, 19 espezializazio-programa daude abian, denak ere dual intentsiboaren eredupean garatuak. Horrek esan nahi du ikasleek, prestakuntza espezializatua egiteaz gain, kontratu edo bekaren bat duen enpresa batean lan egiten dutela. Espezializazio-programa horiek Eusko Jaurlaritzak diseinatu ditu enpresekin lankidetzan, ekoizpen-sektorearen behar espezifikoei erantzuteko.