Miren Elgarresta: «Zenbat eta arreta baliabide gehiago bideratu indarkeria matxistari, orduan eta kasu gehiago azaleratzen dira»

0
  • Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean 24 orduko arreta integraleko zentroen berri emateko
  • Sexu-indarkeriaren benetako dimentsioari buruz aritu da, estatistikek erakusten dutena baino handiagoa baita

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapen Lankidetzarako Batzordean, EAEn martxan dauden sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko 24 orduko zentroen berri emateko.

Zentro horien sorrera sexu-indarkeriaren biktimei berehalako erantzun espezializatu bat emateko beharrari erantzuten diote. «Duela gutxi edo iraganean indarkeria jasan duten 16 urtetik gorako emakumeei 24 orduko arreta eskaintzen zaie, salaketarik jarri beharrik gabe», azaldu du Elgarrestak.

Gaur egun, EAEn Europako funtsekin finantzatutako lau zentro operatibo daude, beste bi gehiago ere irekiko dira, eta diziplina arteko taldeak dituzte biktimei arreta integrala eskaini ahal izateko. Lurralde bakoitzean artatu diren kasuak zehaztu ditu Elgarrestak, sexu-indarkeriaren benetako dimentsiora hurbiltzeko. «Sexu-indarkeriaren prebalentzia estatistikek erakusten digutena baino handiagoa dela uste da», adierazi du.

Indarkeria sexualaren kasuetan estigma soziala da salaketa ez jartzeko arrazoietako bat eta, beraz, errealitate honen benetako dimentsioa ezagutzeko oztopoa da. Hala ere, gero eta sexu-eraso gehiago azaleratzen dira. «Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebentziorako eta arretarako zenbat eta zerbitzu eta baliabide gehiago bideratu, orduan eta kasu gehiago azaleratzen direla egiaztatzen dugu», adierazi du Emakundeko zuzendariak.

Ildo horretan, Sexu Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zentroek ere erraztu egiten dute gero eta emakume gehiagok lehen urratsa eman dezaten gaur eta iraganean jasandako erasoak salatzeko. Izan ere, zentro horietan artatutako kasuen ehuneko handi batean, erasoa gertatu zenetik sei hilabete baino gehiago igaro dira.

Zifra zehatzei dagokienez, Araban, 2024ko apirilaz geroztik, 165 espediente ireki dira, gehienak zuzeneko biktima izan diren emakumeenak eta beste 14 haien inguruko pertsonenak. Donostiako zentroan (iazko uztailean hasi zen zerbitzua ematen) 269 kontsultari erantzun zaie, horietako asko telefonoz, eta 133 kasutan informazioa edo orientazioa eskatu dute. Guztira, 79 espediente ireki dira. Bestalde, Bizkaian 491 biktima artatu dira.

Miren Elgarrestak erakundeen arteko koordinazioa nabarmendu du eta honetan Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erakundeen arteko III. Akordioaren jarraipen batzordearen lana nabarmendu du, koordinazi honi esker jarduera eraginkorra eta integrala eskaini ahal zaielako biktimei. Azkenik, arreta zentroetako profesionalen inplikazioa eskertu du, baita artatutako emakumeen erreparazioari eta ahalduntzeari egindako ekarpena ere.