Susana García Chueca sailburua bat dator Finlandiako enbaxadorearekin mugikortasun jasangarriaren alde urrats irmoak egiteko beharraren inguruan

0
  • Sailburuak azaldu du garraio publikoaren erabilera bultzatzeko bere Saila zer inbertsio eta politika publiko egiten ari den, eta herritarren bermea jasotzen ari direla adierazi du
  • Sari Rautio Finlandiak Espainian duen enbaxadoreak bere herrialdean aplikatzen diren neurrien berri eman du eta Euskadirekin elkarlanean aritzeko bideak aztertzeko interesa agertu du

 

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua Finlandiako Gobernuaren ordezkaritza batekin bildu da gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren Vitoria-Gasteizko egoitzan. Finlandiako ordezkaritzaren buru Sari Rautio Espainiako enbaxadorea izan da, eta Carolina Pérez Toledo Bilboko ohorezko kontsulak ere parte hartu du. Bilera horretan, sailburuak Sailaren kalitatezko mugikortasun jasangarriaren, irisgarriaren eta eskuragarriaren arloko oinarrizko ildoak azaldu ditu, eta, horrek, beste eskubide sozial batzuk baliatzeko atea irekiko duela adierazi du. Bi erakundeetako ordezkariak bat etorri dira klima-aldaketak dakarren erronkari aurre egiteko “mugikortasun jasangarriaren aldeko urrats sendoak” egin behar direla esatean.

Ildo horretan, Garcia Chueca sailburuak enbaxadoreari jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak gutxiago kutsatzen duten garraiobideak erabiltzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzearen aldeko apustua egin duela. Gogorarazi du bere gobernuak urtean 370 milioi euro inbertitzen dituela trenbidearen eta tranbiaren sareak sortu eta mantentzeko, eta hiru lurralde historikoetan arlo horretako inbertsio handiak egiten ari direla, besteak beste, Donostialdean topoaren lurpeko pasabidea abian jartzeko, eta linea berriak eraikitzeko Bilboko metroan eta Gasteizko tranbian, Zabalganara hedatze aldera.

Sailburuak azaldu duenez, herritarrak ahalegin hori saritzen ari dira, eta Euskadiko garraio kolektiboen erabileran inoiz ez bezalako zifra errekorrak lortzen ari dira. Sailburuak garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste bi giltzarri aipatu ditu; batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta garraio-operadoreek aplikatutako deskontuak eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta azken asteotan abian jarritako garraio publikoaren doakotasuna 12 urte bete arte zabaltzea (130.000 pertsona inguru autonomia-erkidego osoan).

Gainera, Sailak mugikortasun aktiboaren aldeko apustuaren berri emen die, hala islatzen baita Eusko Legebiltzarrean datorren astean eztabaidatuko den Euskadiko Mugikortasun Jasangarriko Planaren proiektuan. Plan hori osatzen duten ehun neurrien artean dago emisio txikiko eremuak eta trafikoa moteltzeko neurriak ezartzea neurri ertaineko udalerrietan, eta ez soilik hiri handietan, Estatuko araudiak ezartzen duen moduan.

Azkenik, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Euskal Y-aren eraikuntzaren aurrerapenak azaldu dizkio Finlandiako ordezkaritzari, aste honetan bertan Donostiako Iparraldeko geltokia martxan jarri baita. Halaber, kudeaketa-aginduei esker, Euskal Trenbide Sarearen bidez, obrak egiteko aukera ematen duen Euskadiren eredua azaldu die.

Bestalde, enbaxadoreak eta gainerako ordezkariek Finlandian aplikatzen ari diren esperientziak azaldu dituzte, eta bi herrialdeen arteko elkarlanerako bideak aztertzeko interesa agertu dute. Susana García Chueca sailburuak nabarmendu ditu Eskandinaviako herrialdean salgaien itsaso bidezko garraioaren deskarbonizazioa bultzatzeko ahalegina, Helsinki eskualdeko bizikletentzako sarea (1.500 kilometro inguru daude jada) edo Finlandiako hiriburuko eta Tampereko tranbia zerbitzua.