Banku-zerbitzuak dira erreklamatzeko arrazoi nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan, lehen aldiz

0

Javier Hurtado sailburuak gaur Legebiltzarrean azaldu duenez, 5.272 erreklamazio jaso dira banku-zerbitzuen inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Kontsumobidek 309 bideratu ditu hipoteka-gastuengatik

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerraldia egin du Legebiltzarrean, bankuek hipoteka-gastuak itzultzearen inguruan Kontsumobidek burututako ekintzari buruzko galdera bati erantzuteko.

Sailburuak nabarmendu du informazioa, prestakuntza, ikuskapena eta zehapena emateko Kontsumobide egiten ari den lana, baita bitartekaritza-lana eta enpresen jardunbide egokiak sustatzeko lana ere. Ildo horretan, gogorarazi du joan den legegintzaldian, Ekonomia eta Ogasun Sailarekin koordinatuta, bankuetako ordezkariekin bildu zirela, Eusko Jaurlaritza kezkatzen duten gaien inguruan —hala nola ziberiruzurretan, finantza-inklusioan, leihatilan jarduteko garaian aurkitutako trabetan, komisioen bidegabeko kobrantzan, eskudirua kentzeko arazoetan edo erakunde batzuek oinarrizko ordainketa-kontua eskaintzeko duten mesfidantzan, besteak beste— elkarlanean aritzeko asmoz.

«Banku-zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan egindako erreklamazioen % 18 dira, eta 5.700 erreklamazio edo kexa baino gehiago daude Kontsumobiden, udal kontsumo-bulegoetan eta kontsumitzaileen elkarteetan. 2024 honetan erreklamazio gehien jaso dituzten zerbitzuak izan dira, telekomunikazioei eta energia- eta ur-hornidurei lotutakoak lehen aldiz gaindituz. Kontsumobiden 309 erreklamazio hipoteka-gastuekin lotuta zeuden. Gehienetan, erreklamazio horiek guztiak bitartekaritzaren bidez konpontzen dira, zigortzera iritsi beharrik gabe».

Gainera, sailburuak azaldu du Kontsumitzaileen Estatutuaren bitartez mekanismo batzuk gaitu ditugula zehapen larriak argitaratu ahal izateko, eta hala egiten ari gara. “Enpresa eta erakundeentzat ospe-kaltea kalte ekonomikoa baino handiagoa da, eta jardunbide egokiak sustatzeko giltzarria dela uste dugu”.