Inauteriak kolorez, musikaz eta giro onez beteko ditu Donostiako kaleak

0

Otsailaren 27an, ostegunean, hasiko da Inauteria. Sardina martxoaren 4an, asteartean, erreko da, eta martxoaren 15ean amaituko da Bidebietan desfile batekin

Inauteriak jardueraz beteta itzuliko dira Donostiara, auzo guztietan eta gustu guztientzat. Otsailaren 27an, ostegunean, Ostegun Gizena, hasiera emango zaio martxoaren 15a arte luzatuko diren inauteriari, hain zuzen ere, ohitura eta modernitatea uztatzen dituen inauteria, Judas Arrieta diseinatzaile hondarribiarraren kartel koloretsu eta dibertigarriari, eta hogeita hamar bat konpartsen parte hartzeari esker.

Momo Jainkoa eta bere segizioa Konstituzio plazara iritsiko dira ostegunean arratsaldean, 18:31ean. Aurten Hodei Buenaventura Gabarain izango da Momo Jainkoa, eta Eirik Navarro Carrasco, Nahia Leonet Zuloaga eta Jon Asensio Tellechea izango dira segizioa. Konstituzio plazatik Parte Zaharra eta Erdialdeko kaleetatik ibiliko dira Maria Cristina Hotelera iritsi arte. Bertan, hiriko giltzak jasoko dituzte. Jarraian, Udaletxera joango dira, Udalbatzar aretoan “Inauteri Arlekin Festa” ospatzera.

Euskal inauterietako konpartsak eta konpartsa tradizionalak

Konpartsa tradizionalak inauterien hasieraren protagonista izango dira.

  • Zubietako Joaldunak Parte Zaharretik ibiliko dira ostegunean arratsaldean, eta Momo Jainkoari eta bere segizioari ongietorria egingo diete.
  • Ostegunean arratsaldean bertan, Orixe ikastolako kideak Parte Zaharretik ibiliko dira,
  • eta Eskola eta Goizaldi dantza taldeek emanaldia eskainiko dute Konstituzio plazan 20:01ean.

Otsailaren 28an, ostiralean, Ostiral Mehea, hurrengo konpartsek Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak alaituko dituzte:

  • Union Artesanaren Lanpernen konpartsa
  • eta Haurtxo Zaratatsuak

Bi konpartsek irteera egingo dute ere larunbatean arratsaldean.

Martxoaren 1ean, larunbatean:

  • 12:31ean Gero Axular Dantza Taldearen eskutik Intxixu Euskal Inauteria ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Gero Axular-ek emanaldia eskainiko du 13:01ean Konstituzio plazan.
  • Arratsaldean, Lanpernen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsez gain, Eskolako Lorazainen, Gaztediko Oilarren, Gaztelubideren Fanfarrearen, Donosti Cup Danborradaren, eta Amarakaldek kaldereroen konpartsak ikusteko aukera egongo da. Guztiak Konstituzio plazatik pasako dira 20:01etatik aurrera.

Oilarren, Lorazainen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsak igande goizean ere aterako dira, eta Parte Zaharreko kaleetatik Eusko-Ttish eta 3Txulo Txaranga konpartsak ikusteko aukera ere izango da.

Aurten, Inauterietako igandean, 1994.urtean Momo Jainkoa izandako eta Momo Jainkoari boterea ematen dion makilaren sortzaile Josetxo Fuentesek Lorazainen konpartsaren agintea Eskola Dantza Taldeko Tomas Ugaldebereri emango dio Konstituzio plazan. Fuentes konpartsa koloretsu honetako ardura izan du azken 25 urteetan.

Konpartsen aurkezpena, botere aldaketa eta desfileak

Konpartsak izango dira Donostiako inauterien protagonista handienak. Hilabete asko eman dituzte trajeak eta koreografiak prestatzen, eta horiek guztiak ikusteko aukera egongo da, otsailaren 28tik ostiraletik hasita – Illunbeko ohiko aurkezpenean, non eta Inauterietako Jantzien Diseinuen V.saria jokoan egongo den – martxoaren 15a arte, Bidebietan egingo den azken desfilea arte.

Baina Erdialdeko kaleetatik egingo den lehen desfilearen aurretik, Donostiako inauterietako une berezienetakoa bizitzeko aukera egongo da. Martxoaren 1ean, larunbatean, goizean konpartsetako kideak Maria Cristina hotelera joango dira Momo Jainkoa eta bere segizioari Goiztiriak abestera. Kalejira 11:01ean hasiko da Zuloaga plazan eta 11:31ean iritsiko da Okendo plazara. Bertan Momo Jainkoa, bere segizioa eta partaide guztiak Konstituzio plazara joango dira. Han Eneko Goia alkateak aginte makila emango dio Momo Jainkoari.

Arratsaldean, 17:01ean hasita, 26 konpartsa Erdialdean ibiliko dira ohiko desfilean. Bertan, donostiar guztiei erakutsi ahal izango diete hainbat hilabetetan egindako lana. Desfilea igandean errepikatuko da, 17:01ean hasita. Igandeko desfilearen aurretik, 11:31n, konpartsetako txikienen unea iritsiko da. 9 konpartsetako haurrek koreografiak erakutsiko dituzte Katalunia plazan. Eta plaza berberak hartuko du astelehenean, martxoaren 3an, 19:01ean, konpartsa guztien erakustaldi berri bat.

Sardinaren ehorzketarekin ez zaio inauteriari amaiera emango

Martxoaren 4an, asteartean, 19:31n, Sardinaren Ehorzketaren desfileari hasiera emango zaio Bilbo plazatik. Sardina 20:01ean erreko da Alderdi Ederren. Baina aitzitik, sardina ehortzi izanak ez du esan nahi inauteria amaitu denik. Izan ere, martxoaren 8an eta 9an konpartsek hainbat auzotan egingo dituzte desfileak, besteak beste, martxoaren 8an, larunbatean, Loiolako Erriberatan, 17:01etatik aurrera, eta martxoaren 9an, igandean, 11:01etatik aurrera Altzan ospatzen den Eltze Festan.

Halaber, auzo ezberdinetako hainbat auzo elkartek, zein kultura eta kirol elkartek hainbat jarduera antolatu dituzte Inauterietako egunetan. Horrenbestez, Amara Berrin, Añorgan, Grosen, Altzan, Intxaurrondon, Antiguan eta Bidebietan hainbat ekimen egongo dira familian Inauteriekin gozatzeko.