Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Azpeitiko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute astelehen honetan, herritarrek etxebizitza babestuak eskuratzeko duten informazioa eta laguntza hobetzeko. Akordio hori otsailaren 4an aurkeztu zen Gobernu Kontseiluan, eta, horri esker, modu efizienteagoan kudeatu ahal izango dira Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroko (Etxebide) izen-emateak, eta orientazio-zerbitzu hurbilagoa eta irisgarriagoa bermatuko zaie interesdunei.
Akordioa Basazabal Jauregian egindako ekitaldi batean sinatu da, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta bertan zirela. Azpeitia da hutsik dauden etxebizitzei kanona aplikatuko zaiela ofizialki iragarri duen lehen euskal udalerria. Zentzu horretan, Itxasok nabarmendu nahi izan du Azpeitiko Udalak etxebizitza hutsak identifikatzeko eta alokairuaren merkatura atera daitezen sustatzeko egin duen ahalegina, «funtsezko ekimena baita etxebizitza-eskaintza handitzeko eta beste estrategia batzuk osatzeko, hala nola sustapen berriak eraikitzea edo zuzkidura-bizitokiak prestatzea, iaz Esklaboen komentuan inauguratutakoak kasu».
Era berean, hutsik dauden etxebizitzei kanona aplikatzearen aldeko apustua egin du Gipuzkoako udalerriak, alokairuko etxebizitzen merkatua biziberritzeko tresna eraginkor gisa. «Azpeitia bidea erakusten ari da neurri ausart eta beharrezko batekin. Beste udalerri batzuk animatzen ditut eredu hau jarraitzera eta etxebizitza modu bidezkoagoan eskuratzen lagunduko duten neurriak hartzera», azpimarratu du Itxasok. Era berean, sailburuak nabarmendu du Gipuzkoako udalerriak jarrera ona agertu duela 2015eko Etxebizitzaren Euskal Legean eta hori garatzen duen dekretuan (2021) jasotako figura juridikoa aplikatzeko. Izan ere, bertan ezartzen da metro koadroko hamar euro ordainduko zaizkiela bi urte baino gehiago hutsik dauden etxebizitzei, egoera horiek justifikatzen ez badituzte.
Etxea hutsik mantentzea erabakitzen dutenek kanon bat ordaindu beharko duten arren, helburua ez dela kanona aplikatzea esan du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. “Guk nahi duguna da etxeak alokairura ateratzea, eta ahal bada alokairu sozialera, legeak esaten duen bezala, etxeek funtzio soziala dutelako, eta funtzio hori bete behar dutelako”. Hilabete pasatu da Azpeitiko Udalak etxe hutsak alokairura bideratzeko plana iragarri zuenetik, eta dagoeneko igartzen da mugimendua. “Oraindik gutunik jaso ez dutenak ere joan dira Etxebizitza Bulegora, aholku eske; badakigu jabe batzuek hasi dituztela beren etxeak Bizigunera bideratzeko tramiteak ere, eta merkatu librean ere badagoela mugimendua”.
Bere hitzaldian, sailburuak hitzarmen horrek duen garrantzia ere adierazi du, eta berretsi du Eusko Jaurlaritzak administrazio guztiekin modu koordinatuan lan egiteko borondatea duela, hainbat alderditatik etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko. “Eusko Jaurlaritzaren konpromiso argia da: pertsona guztiek etxebizitza duin bat izateko eskubidea gauzatzeko beharrezko informazioa eta baliabideak eskura izan dezaten bermatzea. Udalekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da zerbitzu horiek herritarrei hurbiltzeko eta gero eta tentsionatuagoa dagoen merkatuan soluzio eraginkorrak emateko», adierazi du sailburuak.
Gaur sinatutako hitzarmena Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuarekin lotutako zerbitzuen irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko duen estrategiaren barruan dago, udalerrietan arreta zuzena erraztuz eta eskura dauden baliabideen kudeaketa optimizatuz. Akordio honekin, Jaurlaritzarekin antzeko lankidetzak formalizatu dituzten herrien zerrendan sartzen da Azpeitia, kudeaketa eredu hurbilago eta efizienteago bat sendotuz.