Euskadik 3.474 milioi euro lortu ditu Europako funtsetatik

0

Onuradunen % 47 mikroenpresak eta ETEak dira, eta konpainia handiak, berriz, guztizkoaren % 28 dira, eta % 42 ABEEak gehituz gero

Euskadik, 2024ko abenduaren 31ra arte, 3.474 milioi euro jasotzea lortu du Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismoaren funtsetatik. Hala zehaztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordearekin batera, berak hala eskatuta egindako agerraldian.

Torresek xehatu duenez, jasotako 3.474 milioi euro horietatik 1.301 milioi Estatuak esleitu, eta autonomia erkidegoak kudeatutakoak dira. Aldiz, 1.922 milioi Estatuaren kudeaketakoak izan dira; horien artean, 183 milioi maileguetan kudeatutakoak eta 135 bermeetan. Horiei, gainera, 252 milioi euroko kudeaketa autonomikoa gehitu behar zaie, euskal enpresek beste erkidego batzuek irabazitako dirulaguntza eta lizitazioei dagokienez. Guztira, 3.474 milioi euro.

2024ko abenduaren 31ko datu zehatzak:

  • Estatuako kudeatutakoak = 1.921.762.447,34 euro.
  • Autonomia erkidegoak kudeatutakoak = 1.300.955.211 euro.
  • Beste autonomia erkidegoetakoak = 251.627.612,84 euro.
  • Guztira = 3.474.345.271,18 euro.

Zifra horien arabera, urriko datuekin alderatuta, 233,5 milioi euroko igoera izan da, 34 milioi gehiago autonomia erkidegoen kudeaketan eta 199,5 gehiago Estatuaren kudeaketan, maileguak, bermeak eta beste erkidego batzuetako MRRak barne.

Laguntzen bolumen osotik, bai Estatukoak, bai autonomikoak, onuradunen % 47 mikroenpresak eta ETEak dira (enpresa txiki eta ertainak), eta % 28 enpresa handiak, % 42 ABEEak gehituz gero (% 13). Gainera, onuradunen % 9 fundazioak dira, eta % 4, familiak.

Gogoratu behar da batzuetan zaila dela esleipen irizpideak aplikatzea, eta zenbait proiektutan ez dela berariaz agertzen lurraldetasunaren ehunekoa, batez ere, Estatuaren kudeaketakoetan, ez baitute diskriminaziorik egiten lurralde historikoaren arabera, autonomía erkidegoen arabera baizik. Horregatik, ez da erraza inpaktua lurraldearen arabera zehaztea. Horren adibide da Mercedesen kasua. Haren egoitza soziala Madrilen dago, baina Europako funtsen eragina Araban sortzen da, han baitu ibilgailuak fabrikatzeko lantegi nagusia.

Lizitatutako funtsetako 3.474 milioi euroetatik, ebazteko dauden deialdietatik eta funtsen kudeaketa gastuetatik, funtsetako 3.291 milioi euro esleitu zaizkie jada azken 22.901 onuradunei. Arabari % 12 esleitu zaio, ia 339 milioi euro (388.760.837), Bizkaiari % 31, 1.029 milioi euro baino gehiago (1.029.774.968) eta Gipuzkoari % 24, 797 milioi baino gehiago (797.604.199). Gainera, beste probintzia batzuetatik, aipatutako Mercedesen kasuan bezala, 1.074 milioi euroko (1.074.495.000) inpaktua izan dute Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, % 33koa.

Kudeatzeko gaitasuna

Torres Lehendakariordea, autokonplazentzian erori beharrean eta «administrazio arduradunentzat zein enpresa eta gizarte ehunarentzat egiten duen ahaleginaz jabetuta», «harro» agertu da kudeatzeko gaitasunarekin eta gauzatze mailarekin; izan ere, «Euskadi Estatuko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsak egikaritzeko tasa handiena duten hiru autonomía erkidegoen artean dago, % 76ko tasarekin, eta Estatuko batez bestekoa, berriz, % 62koa da».

Nabarmentzekoa da PERTEek (Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak) urtarrilean izan duten bilakaera; izan ere, «Ibilgailu elektrikoaren eta konektatuaren balio katea bultzatzeko proiektuetarako laguntzak» deialdia ebatzi da. Deialdi horretan, egoitza Euskadin duten enpresak izan dira onuradun, 208 milioi eurotik gorako balioarekin. Horien artean, Mercedes-Benz (130 milioi), Irizar (20 milioi), Gestamp (9 milioi), Sidenor (4 milioi) eta Global Laser Araba (3,6 milioi) nabarmentzen dira.

PERTEen esparruan ere aldaketak izan dira uraren digitalizazioari buruzko proiektuan (5,2 milioi), proiektu aeroespazialetan (24,2 milioi), eta horien artean dozena bat enpresa eta fundazio nabarmentzen dira; horien artean, Sener Aeroespacial, 22,9 milioi banatu direlarik. Nekazaritzako elikagaien PERTEak 4,9 milioiko aldakuntza izan du.

Azkenik, Torres Lehendakariordeak iragarri duenez, aldian behin Legebiltzarrean egingo diren agerraldiez eta hilero newsletter bat argitaratzeaz gain, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Euskadin Europako funtsen gauzatzearen aurrerapenen eta bilakaeraren berri emango du, informazio guztia Power BI formatuan argitaratuz sail honen web orrian, herritar guztiei informazioa emateko helburuarekin, gardentasun ariketa gisa.