Gogorarazi du herritarren % 92rentzat euskal gizarteak gero eta ongizate handiagoa duela, baina gainerako % 8ak gizarte bazterkeria jasateko arriskuan jarraitzen duela
Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak ostiral honetan Legebiltzarrean nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak «gakoa» dira Euskadi pobrezia edo gizarte bazterketa jasateko arrisku txikiena duen autonomia erkidegoa izan dadin. Eta baieztapen hori INEk berriki argitaratutako 2024. urteko Bizi baldintzei buruzko Inkestan oinarritu du. Inkesta horretan Arope tasa jakinarazi zen, pobreziako edo gizarte bazterketako arriskuan dagoen biztanleriaren ehunekoa neurtzen duena.
Tasa hori % 25,8koa da Espainia osoan, aurreko urtearen aldean ia puntu 1 jaitsi ondoren; Euskadin, berriz, % 14,8koa da, hirugarren urtez jarraian jaitsi ondoren. Datuak baieztatzen duenez, «pobrezia edo gizarte bazterkeriako arrisku txikiena duen autonomía erkidegoa gara, eta, horrez gain, marrazten ari den mapan, Euskadi gero eta gehiago ari da geratzen bakarrik, desberdintasun tasak gora egin baitu Euskadiko ehunekoetatik hurbilen zeuden erkidegoetan», adierazi du Torresek.
Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua pozik agertu da datuarekin, baina ez du autokonplazentziarik agertu. «Oraindik bide luzea dugu egiteko, baina aitortu behar dugu egindako bidea, oraingoz, egokia dela». Hezkuntza sistemaz, produkzio ereduaz eta lan harremanen esparruaz gain, Mikel Torresek uste du «politika publikoen faktore ugarik azaltzen dutela bilakaera on hori eta jarrera hori, baina, zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritzak egoera horretan egoteko aurrera eraman duen funtsezko politika publiko bat dago, eta hori babes sozialeko sistema indartsu eta sendo bat eraikitzea besterik ez da».
Politika publiko horien artean, Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrera, lan erreforma, pentsioak KPIren arabera handitzea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata aipatu ditu. Eta «justizia sozialarekin eta aurrerapenarekin konprometitutako gizarte gisa definitzen gaituen arrakasta kolektiboa» dela nabarmendu du, «euskal gizartea izan baitzen Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren aldeko apustua egin zuena, erreferentea baita, eta pobrezia murrizteko ezinbesteko tresna eraginkorra dela erakutsi baitu».
Lehendakariordeak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak onartu zuela sistema hori, «paradigma aldaketa» ekarri zuena: «estaldurak nabarmen handitu ziren, oro har, eta gehiago iritsi ziren behar bezala estalita ez zeuden populazio segmentuetara; hala nola, adingabeak ardurapean zituzten familiengana, guraso bakarreko etxeetara, desgaitasunen bat zuten pertsonengana, pentsiodunengana, gazteengana, errefuxiatuengana edo genero indarkeriaren, sexu salerosketaren edo sexu-esplotazioaren biktimengana».
Horren ondorioz, gaur egun, Lanbidek babestu egiten ditu Euskadiko 70.000 familia baino gehixeago Diru sarrerak Bermatzeko Errentarekin, Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrerarekin edo bi prestazioekin, eta horiei ateak irekitzen dizkie gutxieneko diru sarrerak izateko eskubidea izateko. «Orain, ezin dugu onartu desberdintasunak, bazterkeria eta aukera falta gure gizartean ezartzea», animatu du Torresek.
«Euskal gizarteak gero eta ongizate handiagoa du biztanle gehienentzat (% 92,1), baina sektore batek (% 7,9) ez du ongizate hori, eta bizi baldintza okerragoetan jarraitzen du sistematikoki. Hau da, pobrezia eta bazterkeria egoeran dagoen biztanleriaren gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko desberdintasunen aldea, barruan daudenen eta kanpoan geratzen direnen artekoa, gaindiezina dela dirudi», gogorarazi du.
«Adostasun sozial eta politikoa»
Euskadin bakarrik gertatzen ez den arren eta fenomeno globala den arren, Mikel Torresek uste du haustura hori «kezkatzeko eta ohartarazteko arrazoia» dela. Beraz, «ezinbestekoa da gaia agenda politikoan mantentzea. Bidezkoa eta demokratikoa den gizarte batek ezin du loratu, ezta aurrera egin ere, herritarren zati bat, gutxiengoa izan arren, pobrezian bizi bada», gaineratu du. Eta Legebiltzarrean eskatu du «gure konpromisoa berrestea eta adostasun sozial eta politiko berritua bilatzea».
«Testuinguru erreakzionario» batean munduaren zati handi batean eta, bereziki, Europan, gogorarazi du «diru sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistema baten funtsezko helburua ez dela hileko ordainsari bat ematea, baizik eta pobreza egoeran dauden pertsonen ahalduntzean laguntzea, baliabideak eta gaitasunak ematea beren bizi proiektuak aurrera eraman ahal izateko, gizarteari ekarpenak egin ahal izateko eta baliagarri sentitzeko, gizarte begirunea jasotzeko, eta pertsona gisa erabat garatzeko». Eta Legebiltzarrean eskatu du «inork ez dezala huts egin edo ez dezala interesez erabili pobrezia kriminalizatzeko».
Torresek «inklusio eredurik onena» bilatzera animatu du, «pertsona guztiek beren bizi baldintzak hobetzeko eta beren bizi proiektua aurrera eramateko aukera emango dien enplegu duina lortzeko». Ildo horretan, gogorarazi du «onartu ditugun lege berriak eta Lanbideren eraldaketa asmo handiko proiektuak direla, eta, zalantzarik gabe, egungo ratioak hobetzen lagunduko dutela».
Era berean, azpimarratu du enplegurako pizgarrien sistema berriaren garrantzia. Izan ere, dekretu berriaren proposamena izapidetzen ari da saila, soldata Diru sarrerak Bermatzeko Errentarekin osatzen duten pertsonen enplegua hobetzeko, prestazioak jasotzen dituzten pertsonei enplegurako bidea errazteko, bereziki, horretarako zailtasun gehien dituztenei; hala nola, familia handienei eta guraso bakarreko familiei.