Osakidetzak tresna berri bat gaitu du herritarrek errazago eskura ditzaten proba medikoen irudiak, hala nola erradiografiak, eskanerrak edo erresonantzia magnetikoak. Horrela, Osakidetzak urrats garrantzitsua ematen du Irudigiltzaren bidez informazio sanitarioa eskuratzeko bidean. Tresna hori da, hain zuzen ere, Osasun Karpetak ematen duen zerbitzu arrakastatsua osatuko duena. Bertara 500.000 pertsona baino gehiago sartzen dira urtero.
Gaur egun, Osasun Karpetak pazientearen historia klinikorako sarbidea ematen du, eta tresna horretatik kontsulta daitezke analitiken edo txosten medikoen emaitzak, baina irudi bidezko diagnostiko-probak ikusteko aukera emateko zain zegoen. Orain arte, irudi bat eskuratu nahi zuenak erreferentziazko ospitalean edo zentroan eskatu behar zuen eta CD/DVD batean jasotzen zen. Orain, Irudigiltzaren bidez, pazienteak miaketa baten irudia ikusi ahal izango du bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean, baina, horrez gain, azkarrago partekatu ahal izango du behar duen erreferentziazko edozein profesionalekin, diagnostiko-gaitasuna handitzeko.
Hedapenaren lehen fase honetan, Irudigiltzan sartzeko, aurrez aurre joan beharko da Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzura (PEAZ) edo erreferentzia-zentrora, eta eskuratu nahi den irudi-proba edo -probak eskatu beharko dira. Une horretan, PEAZeko langileek eskatzaileari emango diote, dokumentu baten bidez edo posta elektronikoaren bidez, sarbide seguruko informazioa, gakoduna, bere gailuetatik sartu eta irudiak deskargatu ahal izateko. Irudiak eskaera egin eta 24 orduko epean egongo dira eskuragarri.
Joan den astetik, zerbitzu hori eskuragarri dago lurralde bakoitzeko ESI bateko pazienteentzat, zehazki, Arabako, Bilbo-Basurtuko eta Donostialdeko ESIetan, eta datozen hilabeteetan Irudigiltza hedatuta egongo da sare osoan, herritar guztiek izan dezaten tresna hori erabiltzeko aukera. Gainera, Osakidetza lanean ari da bigarren fase batean eskaera Osasun Karpetatik bertatik egin ahal izateko, eskaera aurrez aurre egiteko beharrik gabe.
OSASUN KARPETA, HISTORIA KLINIKOA ESKURATZEKO ERREFERENTE
Irudigiltzaren hedapenaren bitartez, Osakidetzak hobetu egiten du herritarrek historia klinikoan beren datuak eskuratzeko duten gaitasuna, eskubide hori jasota baitago 41/2002 Oinarrizko Legean, pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituenean. Gainera, Osasun Karpeta finkatzen eta indartzen du informazio kliniko guztia eskuratzeko bitarteko gisa, eta hirugarrenekin partekatzeko aukera ematen du.
Gogoratu behar da 2021ean Osasun Karpeta berritu zenetik eta funtzionalitate berrien sarrerarekin, tresnak nabarmen egin duela gora sarbideetan: urte hartan, 200.000 pertsona inguru 2,8 milioi aldiz sartu ziren; egun, 6,9 milioi sarbide egiten dituzte 500.000 pertsonek. Hau da, lau urtean erabilera ia hirukoiztu egin da.
Gaur egun, Osasun Karpetari esker, analitiken eta txosten medikoen emaitzak ez ezik, tratamendu farmakologiko aktiboei, alergiei eta txertoei buruzko informazioa ere kontsulta daiteke, bai eta kirurgiako itxarote-zerrendan zer egoera dagoen jakin ere, edo egiteke dauden zita medikoak kontsulta daitezke, bai eta Lehen Mailako Arretak zitak eskatu ere. Gainera, txertatutako azken funtzionalitateen artean dago bularreko, koloneko eta zerbixeko minbiziaren baheketa-programetan parte hartzeko jakinarazpena jasotzea eta horren emaitzak ezagutzea.
* AUDIOA: Dabi Santano, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako medikua eta Osareaneko erreferentea