Emakundek 2007an Gizonduz ekimen aitzindaria sortu zuen gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko kontzientziazioa, parte-hartzea eta inplikazioa sustatzeko. Ordutik aldaketa garrantzitsuak izan dira testuinguru juridikoan eta sozialean, eta beharrezkoa izan da programa dimentsionatzea eta egoera berrietara egokitzea. Horrela, Emakundek 2030 Gizonduz Estrategia aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluan. Estrategia horrek lau helburu nagusi ditu:
- Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatutako, prestatutako eta konprometitutako gizonen kopurua handitzea, bereziki gazteengan, sozialki kalteberak diren sektoreetakoengan eta eragiteko gaitasuna duten liderrengan eta erreferenteengan eraginez.
- Gizonduzen ikastaroetan 25.000 gizonezkok gutxienez prestakuntza jasotzea lortzea (egun 18.000 baino gehiago dira eta eragiteko gaitasun handiagoa duten sektore estrategikoetako gizonei zuzendutako lan-ildoak finkatzea.
- EAEko gizonen % 5 baino gutxiago egotea «Maskulinitatearen Kutxan» (2024an % 6,9 daude).
- Lortzea EAEn bizi diren gizonen % 80k gutxienez pentsatzea oso arazo sozial larria dela emakumeen aurkako indarkeria matxista (2024an, % 72,6k pentsatzen dute).
- Gizonek etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan duten erantzunkidetasuna handitzea eta zaintzaren etika eta praktika orokortzea haiengan, lan horren banaketa orekatua lortzeko.
- Gizonek egunean batez beste gutxienez 2 ordu ematea etxeko lanetan eta zaintza-lanetan (eskuragarri dagoen azken datua 1,7 ordukoa da), dagoen genero-arrakala murrizteko.
- Seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 20 gutxienez, gizonek hartzea (eskuragarri dagoen azken datua % 14koa da).
- Berdintasuna eta tratu onak sustatzeko eta jarrera matxista problematikoak prebenitzeko psikohezkuntzako zerbitzuak eta tresnak
- Gizonen, maskulinitateen eta berdintasunaren arloko jarduerak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuen kopurua handitzea. Eusko Jaurlaritzako sailen, hiru foru-aldundien eta berdintasun-unitatea edo -zerbitzua duten EAEko udalerrien % 50ek, gutxienez, gizonen, maskulinitateen eta berdintasunaren arloko jarduerak egin izana.
Lan horren guztiaren bidez, berdintasunaren alde diharduten gizonen masa kritiko bat eratu nahi da gure erkidegoan, maskulinotasun tradizionala zalantzan jarri eta beste gizon batzuentzat erreferente izango diren eta, emakumeekin batera, gizarte bidezkoagoa eta berdintasun-zaleagoa lortzeko konpromisoa hartuko dutenak.