Emakundek seme-alabak zaintzeko eszedentzien %20 gutxienez gizonek hartzea lortu nahi du

0

Gobernu Kontseiluak, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko, 2030 Gizonduz estrategia onartu du gaur.

Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, «estrategia honen helburua berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatuta, prestatuta eta konprometituta dauden gizonen kopurua handitzea da, bereziki gazteengan eraginez».

Hala, Emakundek honako hau planteatu du:

  • Gizonduz programaren ikastaroetan gutxienez 25.000 gizon trebatzea.
  • EAEko gizonen % 5 baino gutxiago «Maskulinitatearen Kutxaren» barruan egotea (2024an % 6,9 ziren).
  • Euskadin bizi diren gizonen %80k baino gehiagok emakumeen aurkako indarkeria matxista gizarte-arazo oso larria dela pentsatzea (2024an %72,6 dira).

Aldi berean, Gizonduz ekimenak -azaldu du Miren Elgarrestak- «etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan gizonen erantzunkidetasuna handitzea» du beste erronketako bat. Zentzu horretan, programa honek honako hau lortu nahi du:

  • Gizonek, batez beste, egunean 2 ordu ematea etxeko lanetan eta zaintza-lanetan (eskura dagoen azken datua 1,7 ordukoa da).
  • Seme-alabak zaintzeko eszedentzien %20 gutxienez gizonek hartzea (eskura dagoen azken datua % 14koa da).

24 milioi euro laneratze-programetarako

Gobernu Kontseiluak onartu du 24 milioi euro bideratzea laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntzeko bi programatara.

Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, Lanbidek 17,8 milioi euro inbertituko ditu laneratzeko enpresak sortzeko eta horiei laguntzeko. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitate publiko edo pribatuek.

Lanbidek beste 6,5 milioi euro erabiliko ditu desgaitasuna duten eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasun-programetan. Eta halaber, Maria Ubarretxenak adierazi du, Jaurlaritzak 5,5 milioi euro bideratuko dituela Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetako langileen kostuak ordaintzeko eta milioi bat euro lanpostu egonkorrak sortzen dituzten aktibo ez-korronteak eta laguntza teknikoak finantzatzeko.

Ehiza Legea aldatzearen aldeko irizpena

Gobernu Kontseiluak Ehizari buruzko Legea aldatzeko lege-proposamena aintzat hartzearen aldeko iritzia adierazi du.

“Eusko Legebiltzarrak bultzatutako proposamena da, ehiztari laguntzailearen figura sortzeko eta behar bezala mugatu eta zehazteko -azaldu du Ubarretxenak- laguntzaileak ez du egiaztatu beharko ehizarako gaitasun-proba”. “Aldaketa horrek gazteak ehizara hurbiltzea erraztuko du – jarraitu du bozeramaileak- eta jarduera horretan beharrezkoa den belaunaldi arteko erreleboari lagunduko dio”. Lege berriak, bestalde, malgutu egingo ditu ehiza-munduan sartzea erraztuko duen lizentzia lortzeko deialdiak eta aukera emango du ehizan parte har dezaketen figura berriak sortzeko.

Abeltzaintza-ustiategiak arautzeko dekretua

Gobernu Kontseiluak dekretu berri bat onartu du, Euskadiko abeltzaintzako ustiategiak arautzeko.

Bozeramaileak azaldu du, abeltzaintza-ustiategiek Euskadin bete behar dituzten baldintza teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituela dekretuak. Horrez gain, ustiategien ikuskapenean esku hartzen duten administrazioen arteko koordinazioa ere arautzen du.

Maria Ubarretxenak zehaztu du dekretuak ere helburu duela ustiategi txiki eta etxeko eskorten administrazio-izapidetzea sinplifikatzea. Hala, dekretuak zehaztu ditu

  • abeltzaintza-instalazioen sailkapena
  • abeltzaintza-ustiategien titularren betebeharrak
  • eraikuntza- eta ekipamendu-betekizunak
  • abeltzaintza-instalazioen kokalekua eta bereizketa sanitarioa
  • simaurren kudeaketa eta hildako abereen deuseztatzea

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta EUDEL, Euskadiko Udalerrien Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) arteko lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzea onartu du,  polizien arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzeko. Akordio horrek 2018an sinatutakoa ordezten du, eta elkarrekin lan egiteko mekanismoak eguneratzeko beharrari erantzuten dio, arau-aldaketetara eta azken urteetan hartutako esperientziara egokituz.

Hitzarmen berriak lehentasunezko zenbait jarduera-eremu ezartzen ditu:

  • Udaltzaingoen antolamendua eta funtzionamendua hobetzeko azterlanak egitea.
  • Irizpideak bateratzea egiturari, langile-hornidurari, baliabide teknikoei, armamentuari, ekipamenduari, uniformeei eta akreditazio profesionalerako dokumentazioari dagokienez.
  • Berdintasun-politikak eta euskararen erabilera sustatzea udaltzaingoetan.

Horretarako, Ubarretxena sailburuak adierazi du “Segurtasun Sailak bultzatutako eta koordinatutako lantalde edo mahai teknikoak aktibatuko dira, langile adituenak zein polizienak, eta EUDELek izendatutako udalerri guztiek, edozein dela ere haien tamaina, ekimen berri horien garapenean aktiboki lagundu ahal izango dute”.

Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek segurtasun publikoa hobetzeko konpromisoa berresten dute, polizien arteko lankidetza eta kooperazioa etengabe hobetuz, euskal herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta koordinatuagoa emateko.

 

Gai-zerrenda