Gobernu Kontseiluak EAEko abeltzaintza-ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen dekretua onartu du

0
  • Ustiategi txikien administrazio-izapideak errazten eta sinplifikatzen ditu, bai eta ustiategi estentsiboen instalazioak ezartzen ere
  • Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei, organizazio profesionalei eta sektoreko elkarte eta entitateei egin zaie kontsulta dekretua egiteko

Gobernuaren Kontseiluak ontzat eman du Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza eta Arrantza Sailak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarekin batera sustatutako Euskadiko abeltzaintzako ustiategien arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen dekretua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei, organizazio profesionalei eta sektoreko elkarte eta entitateei egin zaie kontsulta dekretua egiteko.

Dekretuaren helburua EAEko abeltzaintzako ustiategien arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzea da, bai eta Euskadin dauden abeltzaintzako ustiategiei aplikatu beharreko araudi sektorial berezia, higieniko-sanitarioa, ingurumenekoa, hirigintzakoa edo beste batzuk betetzea ikuskatzen duten administrazioen arteko koordinazioa ezartzea ere.

Abeltzaintza-jarduerak funtsezkoak dira landa-komunitateen ekonomiarako eta biziraupenerako, eta jarduera ekonomikoan kualitatiboki eta kuantitatiboki garrantzitsua den sektorea da. Hala ere, beren dimentsioaren eta tartean dauden animalia-espezieen arabera, ingurumenean, osasungarritasunean eta, azken batean, horiek errotuta dauden lekuetako bizi-kalitatean hainbat eratako eraginak izan ditzaketen jarduerak dira.

“Beharrezkoa zen bi ikuspegiak uztartzea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, nekazaritza-jarduerak eta horiek garatzen dituzten komunitateak izate hutsa arriskuan baitago, eta, aldi berean, abeltzaintzako jarduerak ingurumena eta osasungarritasuna zaintzearekin bateragarria den eta hori errespetatuko duen moduan garatu ahal izatea”, adierazi du Amaia Barredok.

Aurrekariak

Helburu horrekin argitaratu zen irailaren 22ko 515/2009 Dekretua, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen zituena. Aipatutako araudi horrek 141/2004 Dekretua indargabetu zuen, eta hura izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintzako ustiategien instalazioak antolatzeko eta arautzeko moduari eta ustiategien iraupenari lehenengo aldiz heldu ziena. 515/2009 Dekretuan lehendik dauden ustiategietarako jasotako baldintzak aplikatzeko aldiak berriki bete dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, aipatutako 515/2009 Dekretuaren oinarria izan zena, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak indargabetu du, eta ingurumen-baimen bateratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren prozeduretan txertatzen du jabari publiko hidraulikoetara isuriak botatzeko baimena emateko prozedura.  Abeltzaintzako ustiategiei dagokienez, Lege horrek ingurumen-baimen bateratuaren, ingurumen-baimen bakarraren, jarduera sailkatuaren lizentziaren eta jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpenaren mendeko nekazaritza-ustiategien tamaina-eskakizunak ezartzen ditu.

Lege berri honek ez du aurreikusten jarduera-lizentzia lortzetik salbuetsita dagoen jarduerarik, aurreko legeak egiten zuen bezala, eta gaur egun, beraz, nekazaritzako ustiategi guztiak, gutxienez, jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpenaren mende daude, ustiategi txikiak eta etxeko eskortak barne. Azken jarduera horiek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina ez da batere esanguratsua, eta egokia da, beraz, proportzionaltasunaren printzipioa ezartzea eta ustiategi txiki eta etxeko eskorta horien izapide administratiboa sinplifikatzea.

Horren ondorioz, bidezkoa zen Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Lege horretako I.C eta I-D eranskinak aldatzea. Gainera, airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legeak atalase batzuk zehazten ditu abeltzaintzako ustiategientzat hartzidura enterikoari eta simaurraren kudeaketari lotuta, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legearen arabera, eta, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak direnez, ingurumen-baimen bakarra eskatu beharko dute.  Lege honen garapenean, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du.

Estatuko arauak

Bestalde, azken urteetan abeltzaintzako ustiategiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituzten Estatuko hainbat arau argitaratu dira, besteak beste, 804/2011 Errege Dekretua, Zaldi-ustiategiak antolatzekoa; 306/2020 Errege Dekretua, Txerri-ustiategi intentsiboak antolatzekoa; 637/2021 Errege Dekretua, Hegazti Abeletxeak antolatzekoa; eta 1053/2022 Errege Dekretua, Behi-abeletxeak antolatzekoa. Arau horiek EAEko abeltzaintzaren baldintzen berezitasunera egokitu behar dira, eta Estatuko araudian jasotzen ez diren zenbait alderdi berezi ere arautu behar dira.

Testuinguru horretan, haragitarako behi eta zaldien ustiategi estentsiboek eta ardi- eta ahuntz-ustiategiek honako berezitasun hau dute: beren abeltzaintza-jarduera neurri batean abeltzaintza-instalazioetatik bereizita eta kasu batzuetan horiek gabe garatzea.

Ustiategi-mota horietan, abeltzaintza-jarduera, kasu askotan, herri-larretan eta beste udalerri edo lurralde batzuetako lursailetan oinarrituta egiten da; ustiategi horiek, beraz, ez dira gehieneko edukieraren arabera baimentzen, baizik eta errolda baten berri ematen dute aldian-aldian.

Era berean, erlezaintza-ustiategietan, animaliak ez daude inoiz instalazioetan sartuta, beren jarduera etengabe aire zabalean egiten baitute; eta erlezaintzarako kokalekuek ez dute instalazio-izaerarik, animalien larreko kokaleku hutsak baitira. Beraz, mota horretako ustiategien berezitasuna kontuan izan behar da argitaratuko den arau berri honetan.

Duela gutxi, azaroaren 29ko 992/2022 Errege Dekretuak ezarri du zer baldintza bete behar dituzten abeltzaintzako ustiategien titularrek abeltzaintzako intereseko espezieetan antibiotikoak modu jasangarrian erabiltzeko.

Era berean, Animalien osasunari buruzko Europar Batasuneko araudia garatzeko oinarriak ezartzen dituen maiatzaren 16ko 364/2023 Errege Dekretuak ezartzen du ustiategi jakin batzuek osasun-plan integrala izan behar dutela, eta ustiategiko albaitari-izaera duen pertsonari esleitutako eginkizunak zehazten ditu.

Azken arau-xedapen horrek, gainera, abeltzaintza antolatzeko hainbat arau aldatzen ditu. Gainera, abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretuak nekazaritza-lurzoruetako nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen ditu; besteak beste, abeltzaintzako ustiategietan simaurrak eta mindak aldi baterako pilatzeko baldintzak, bai eta haiek nekazaritza-lurzoruetan aplikatzeko betekizunak ere.

Errege Dekretu hori oinarrizko arau orokorra da berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko, uren kutsadura saihesteko eta nekazaritzako lurzoruen propietate biologikoak hobetzeko. Horrela, nekazaritza-lurzoruek karbono-hustuleku gisa duten gaitasuna mantendu eta handitu nahi du, eta, horretarako, nitrogeno-ekarpena laborearen beharretara egokitu.

Betalde, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak EAEko nekazaritza-ekoizpenaren printzipio orokorrak ezartzen ditu, baita abeltzaintza-ekoizpenerako berariazko baldintzak ere, bereziki abereen ongizate, osasun eta elikadurari, animalia-jatorriko hondakinen kudeaketari eta minda modu egokian biltegiratu eta kudeatzeari dagokienez.

Lege hori garatzeko, EAEko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorraren (REA) irailaren 27ko 2023/2011 Dekretuak REAren antolamendua eta funtzionamendua arautzen ditu, administrazio publikoek nekazaritza-sektorea garatzeko, planifikatzeko eta antolatzeko behar den informazio guztia modu iraunkor, integratu eta eguneratuan edukitzeko duten tresna gisa. Dekretu horren II. eranskinean, aipatutako erregistroan erregistratu beharreko funtsezko aldaketak ezartzen dira.

Koordinazioa

Abeltzaintzako ustiategiei dagokienez, martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra /REGA) ezarri eta arautzen du. Duela gutxi, Estatuak abenduaren 27ko 2054/2022 Errege Dekretua argitaratu du, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien eta nekazaritza-ekoizpenaren informazio-sistema (SIEX) ezarri eta arautzen duena, bai eta Nekazaritza Ustiategien Erregistro Autonomikoa eta Nekazaritza Ustiategien Koaderno Digitala ere. Oinarrizko betetze-maila duen araua da, eta administrazioak nekazaritza- eta basogintza-sektorea behar bezala kudeatu eta antolatzeko garatutako sistema informatikoen multzoa arautzen du. Nahitaezkoa da nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien erregistroak SIEX informazio-sistemarekin interkonektatzea, eta, ondorioz, horrek ere jasota egon behar du dekretu honetan.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 14. artikuluan, administrazio publikoekin elektronikoki harremanak izateko eskubideari eta betebeharrari buruzkoan, xedatzen du pertsona juridikoentzat eta pertsona fisikoentzat (beren jarduera profesionala dela-eta beharrezkoa denean) nahitaezkoa dela administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatea, administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko. Ildo horretatik, Euskadin ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua argitaratu zen, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.

“Arau-aldaketa horiek guztiek eskatzen dute arau berri bat onartzea, eta ez, ordea, egun dagoena aldatzea. Gaur onartu den dekretua bat dator erregulazio onaren printzipioekin. Hala, premia- eta efikazia-printzipioei dagokienez, indarrean dagoen araudia harmonizatzeko eta egokitzeko interes orokorrak justifikatzen du araua”, azpimarratu du Amaia Barredok.

Definizioak

Adibide moduan, Dekretuan zehaztasunez definitzen dira termino batzuk:  abeltzaintza-ustiategia; ekoizpen-abereak; azienda larri unitateak (AzLU); abeltzaintza-instalazioa; lehendik dagoen instalazioa; abeltzaintzako ustiategiaren titularra; abeltzaintza-ustiategi estentsiboa; abeltzaintza-ustiategi erdi-estentsiboa; abeltzaintza-ustiategi intentsiboa (estentsiboa ez dena); erlezaintzarako kokalekua; etxeko ustiategiak; abeltzaintza-ustiategien edo -instalazioen ahalmena; errolda; simaurra; simaur solidoa; minda; ingurumen-baimen integratua; ingurumen-baimen bakarra; jarduera sailkaturako lizentzia; jarduera sailkatuen aurretiazko jakinarazpena; eta erantzukizunpeko adierazpena.

Beste alderdi batzuen artean, honako hauek ere zehazten dira: abeltzaintza-instalazioen sailkapena; abeltzaintza-ustiategien titularren betebeharrak; abeltzaintza-ustiategietako eraikuntzak eta ekipamenduak; abeltzaintzako instalazioen kokalekua eta bereizketa sanitarioa; edo simaurren kudeaketa edo hildako abereak eliminatzea.