Lanbidek 6,5 milioi inbertituko ditu desgaitasuna duten eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasun programetan (Gobernu Bilera 2025-02-25)

0

Laguntza deialdien helburua da langileen kostuak finantzatzea, baita Enplegu Zentro Berezietan lanpostu egonkorrak sortzen dituzten aktibo ez-arruntak eta laguntza teknikoak ere

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 6,5 milioi euro inbertituko ditu aurten desgaitasuna duten eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programa eta zerbitzuetan. Zehazki, 5,5 milioi bideratuko ditu Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetako langileen kostuak ordaintzeko, eta milioi 1 aktibo ez-korronteak eta lanpostu egonkorrak sortzen dituzten laguntza teknikoak finantzatzeko.

Horrela, Lanbidek diruz lagundu nahi ditu 45 laguntza unitate –iaz baino 10 gehiago–, eta unitate horien erabiltzaile diren eta desgaitasun handia duten 400 pertsona gehiagorengana iritsi nahi du; 5.100 erabiltzailerengana, guztira.

Euskadin, Enplegu Zentro Bereziek ematen duten lan babestua funtsezkoa da desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko; izan ere, zentro horiek gizarte eta lan ohiturak hartzea errazten dute, haien enplegagarritasuna hobetzen dute eta ohiko produkzio sisteman sartzea errazten dute.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira eskabideak, hilabeteko epean, deialdi hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Profesionaltasun ziurtagiriak

Lanbidek 340.000 euro gehitu ditu, eta, horrela, 940.000 eurora iritsi da ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzetan praktikak egitearen ondoriozko gastuak finantzatzeko laguntza deialdia.

Laguntza horiek, alde batetik, prestakuntza enpresa eta  erakundeei daude zuzenduta, Gizarte Segurantzarekiko betebeharretatik eratorritako kotizazio kostua eta gastuak finantzatzeko, eta, beste alde batetik, prestakuntza erakundeei, ikasleek beren ikastetxeetan egindako prestakuntza praktiken tutorizazioagatik. Izan ere, ikasleek ezin dute alta eman Gizarte Segurantzan, legez Espainian ez daudelako edo bertan bizi ez direlako.

Aurreko deialdietan bezala, eskabideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.