Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak duela bi hamarkadatik hona garatu duen Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek finantzaketa eskura dezaten errazteko politika aktiboa. “Horrela, baliabide horiek gure herriaren garapenean pisu espezifikoa duten zenbait sektoretara iristea ahalbidetzen da”, adierazi du Luzaro kredituko finantza-organismoak antolatutako ekitaldian.
Foro horretan, formalizatu da Eusko Jaurlaritzaren, Finantzen Euskal Institutuaren, Elkargiren, Luzaroren eta finantza-entitate bazkideen arteko finantza-lankidetzaren sinadura, baita Europako Inbertsio Bankuaren eta Luzaroren arteko maileguaren errubrika ere (100 M€-ra arte), Eusko Jaurlaritzaren abalarekin.
“Une honetan, gure kulturan hain errotuta dagoen lankidetza publiko-pribatuaren balioa nabarmendu behar dugu, eta Luzaroren eredua ispilu ona da geure burua islatuta ikusteko”, nabarmendu du d’Anjou sailburuak ekitaldia itxi duen hitzaldian. Izatez, horrelako itunek “sektoreen arteko lankidetza estrategikoa ahalbidetzen dute, baliabideak eta ezagutzak maximiza daitezen eta, batez ere, gizarte-balioa sor dadin. Estrategia ezaguna da, baina inpaktu iraunkorra du. Izan dadila gure aldekoa”.
Ildo horretan, sailburuak aitortu du Luzarok “Euskadiko enpresa txiki eta ertainen finantza-egitura indartzen laguntzeko duen bokazioa. Babes hori partaidetza-maileguekin eta finantza-finkapenera bideratutako maileguekin artikulatzen da, baita hazkunde- eta nazioartekotze-prozesuak garatzera bideratutako maileguekin ere”.
Luzaro 1992an sortutako kredituko finantza-organismoa da, eta sortu zenetik, 900 M€ baino gehiagoko formalizazioak itxi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko gutxi gorabehera 2.000 enpresarekin, 3.295 maileguren bidez —bezero bakoitzeko 480.000 €-ko batez besteko zenbatekoa—.Oraingo injekzio ekonomiko honekin, entitateak hurrengo hirurtekoan 200 M€ inguru sinatzea espero du, Elena Urbizu zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez.
Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuarekin batera, esku hartu dute Gemma Feliciani Europako Inbertsio Bankuko Finantza Erakundeen zuzendariak eta Oscar Eguskiza Luzaroko presidenteak.