Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Eraberean sarea, arraza, etnia- edo nazio-jatorriak, sexu-orientazioak edo -identitateak eta genero-identitateak eragindako diskriminazioari aurre egitea helburu duenak hamar urte bete ditu.
Eraberean Sarea Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eta zenbait gizarte erakundek osatzen dute. Erakundeok immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboen arloan lan egiten dute. Sarearen egitekoa da tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea politika publikoetan eta Euskadiko gizarte zibilean.
Eraberean Sareak arreta espezializatua eskaintzen du: laguntza eta aholkularitza ematen dizkie, arraza-, etnia- edo nazio-jatorriak, sexu-orientazioak edo -identitateak eta genero-identitateak eragindako diskriminazioaren biktimak izan litezkeenei eta halako egoerak ezagutzen dituztenei. Arreta hori aurrez-aurrekoa zein telefonoz edo emailez izan daiteke.
10 urteko ibilbidea bete du Eraberean sareak eta Eusko Jaurlaritzarekin batera elkarte hauek elkarlanean aritu dira: Aldarte, ZEHAR Errefuxiatuekin, Gurutze Gorria, CITE-CC.OO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, Anitzak, AMUGE, Bizigay, AGIFUGI, Gehitu eta SOS Arrazakeria.
“Plazerra izan ohi da urteak bete eta markatutako mugarriak pausuz pausu betetzen direla ikustea. Bere momentuan zaila egiten zaiguna gainditzea bezelakorik ez da, eta gurariak egia betetzea bezalako sentsaziorik ez omen dago” esan du Nerea Melgosak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak.
2023an Euskadin guztira 65 pertsonari arreta eskaini zitzaien eta kasu guztien %95ean bazterkeria zantzuak antzeman ziren. Arreta jaso zutenen artean, gehienak, 31 urtetik 40 urtera bitartekoak (%35,48) izan ziren, bigarren lekuan 18 urte eta 30 urte bitartekoak (%32,26) eta azkenik 41 urte eta 50 urte bitartekoak.
Eraberean sarera gerturatu zirenen %70ak 18 urte eta 40 urte bitarteko adina zuen. Arreta jasotakoen artean %54,8 emakumeak izan ziren eta %41,9 gizonak. %1,6 ez bitarrak eta %1,6 intersexualak.
Bazterkeria kasu gehienak (%57) eremu pribatuan izan ziren eta datu honek aldaketa bat islatzen du 2022an kasu gehienak eremu publikoan izan zirelako. Eremu pribatuari dagokionez bazterkeria kasu gehienak etxebizitzarekin edo finantza erakundeekin lotutakoak izan ziren. Arlo publikoan ordea osasun eta lan arloak nagusitzen dira.
“Asko izan dira tratu berdintasunean eta bazterkeria ezan emandako aurrera pausoak baina adi jarraitu beharra dago. Gero eta ohikoagoa da ehundaka kilometrora ultra-eskuineko talde politikoen purrustadak entzutea eta lege batzuen berrikusketen lekuko izatea” esan du Txema Ezkerrak, Eusko Jaurlaritzako Belaunaldi arteko, Aniztasun, Bizikidetza eta Elkartasunaren zuzendariak.
Datuen eta esku-hartzeen ondorio batzuk
- Komertzioetan eta aisialdi gunetan ematen den diskriminazioa lokaletako harrera eskubidea ulertzeko modu desegokian oinarritzen da. Establezimendu batzuen aldetik helburu baztertzaile batekin egiten da.
- Alokairu baterako sarbidean bazterkeria kasuak areagotu dira. Prezioen etengabeko igoerak eta eskariaren handitzeak zaurgarriak diren pertsonengan eragin handiagoa sortu dute.
- LGTBI kolektiboaren aurkako bazterkeria kasu gehienak mutil gazteei begirakoak dira eta jai eremuetan izaten dira gaueko ordutegian. Kasu hauek zoritxarrez errepikakorrak izaten dira.
- Etniagatik egiten diren polizia identifikazioek arazo izaten jarraitzen dute gizarte kolektibo batzuentzat. Identifikazio hauek jasotzean pertsona hauei poliziarengan konfiantza galera bat sortzen zaie.
Eraberean sareak kasu hauei buruzko gogoeta bideratzen duten eragileen taldea sortu du. Azken hauek egiten duten lanaren adibide bat Ausartak izeneko ekintza izango litzateke, zeina alokairuetan ematen den arrazakeriaren kontrako egitasmoa izan den.
Honekin batera bazterkeria kasuak saihesteko helburuarekin prebentzio eta sentsibilizazio lana egiten da maila guztietan.
Sareak azken urteetan tratu-berdintasun eta bazterkeria ezarako lege berri baten sorkuntzarako gogoetak sortu eta proposamen teknikoak bideratu ditu. Modu berean hiri batzutako jai eremuetako protokoloen eguneratzean lagundu du helburua, beti ere, diskriminazioa gure kaleetatik desagerraraztea izanda.