Oribarzar hondartza, errepideko zuloak eta hareatza lehengoratzea aztertu ditu
Orioko Portuko Udal Kontseilua gaur goizean eratu da Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzaren bulegoetan, sareen eraikinean, Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendaria buru dela. Bileran izan dira, besteak beste, Orioko alkatea, Orioko Arrantzale Kofradiaren eta amarratzaileen ordezkariak, Edurne Egaña EKPko zuzendaria eta saileko hainbat teknikari ere.
Orioko udalerriak emakidan du portuko jabari publikoan arrantza-eremuko portuko bidea, bai eta Herriko Enparantza birmoldatu zenean oinezkoentzako pasealekuari jarraipena emateko hegal-espaloi bat egin zen kaiaren zatia ere.
Portuko eremuan daude, halaber, udalak kudeatuta, Itsas Etxe eraikina eta Mutiozabal ontziolaren itsasora irteteko arrapala, bai eta hiri-zerbitzuen azpiegiturak ere, hala nola, kolektoreak, argiteria-sarea eta pasealekuen eta udalerriko puntu estrategikoen seinaleztapena.
Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzak Portuko arrantza-kaiak –oinezkoentzako pasabidetik Itsas Etxeraino– konpondu eta sendotzeko proiektua idatzi du, eta aurten bertan lizitatuko da ingurunearen egonkortasuna hobetzeko. Era berean, eskuinaldeko erriberako pasealekuko asentamenduak konponduko dira kirol-dartsenaraino.
Koldo Goitiak zehaztu duenez, “nabigazioaren segurtasuna hobetzeko, nabigazio-kanala eta bokalea dragatzeko beharrezko kudeaketak idazten eta egiten ari gara, hondartza errespetatuz, surflarien kolektiboak preziatzen dituen olatuei eragin ez diezaien”.
Orioko Portuko Udal Kontseiluan jorratutako beste gai bat portuaren ezkerraldean dagoen Oribarzar hondartzaren egoera izan da, errepideko zuloekin eta hareatza leheneratzearekin lotuta. Lan horiek Gipuzkoako Kosta Zerbitzuak egingo ditu.