Memoriari buruzko gogoeta Pablo Benegasekin

0

Pablo Benegasen ‘Memoria’ liburuaren aurkezpenak, gaur arratsaldean Gogoran, bere belaunaldiak eta, horrekin batera, euskal gizarte osoak, eguneroko bizitzan indarkeria eta mehatxu terroristaren agertokiak zenbateraino normalizatu zituen gogoratzeko eta hausnartzeko balio izan du.

‘Memoria liburuan, Pablo Benegasek haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak errepasatzen ditu, musikari eta alderdi sozialistaren puntako buruzagi baten seme izateari lotutakoak. Liburuan bi hariok tartekatuz egite du aurrera: La Oreja de Van Gogh taldeko gitarra-jotzaile bihurtuko denaren eta ETAren terrorismoaren mehatxua gertutik bizi duenaren hasiera musikala, eta, bere kideekin batera, bakearen alde eta terrorismoaren aurka mobilizatzea erabakitzen duen gaztearena. Esperientzia horiek guztiek, gainera, Donostia dute eszenatoki, terrorismoak eta indarkeriak astindutako hiria.

Aurkezpena solasaldi formatuan egin da, Alberto Alonso Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarekin eta Eva Domaika Cadena SER irratikateko Gasteizko erredakzio-buruarekin batera.

Solasaldira bertaratu direnen artean, Mikel Torres Lehendakariorde Bigarrena eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Alfredo Retortillo Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordea, Jagoba Álvarez Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria eta Begoña Gil Bizkaiko Batzar Nagusietako lehen lehendakariordea.