Gizarteratzearen Euskal Agentziak (Aukerak) eta «la Caixa» fundazioak lankidetza-hitzarmena berritu dute, EAEko espetxeetan preso dauden 150 pertsonaren gizarteratzea eta laneratzea errazteko. Reincorpora programaren bidez (290.000 euro), lan-etorkizun egonkor eta kalitatezkoa izateko behar diren tresnak emango zaizkie. 2021ean abian jarri zenetik, programa honek parte-hartzaileen % 68 laneratzea lortu du.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Aukerak agentziaren Administrazio Kontseiluko presidente den aldetik, akordioa sinatu du. Akordio horren helburua da presoen gizarteratzea hobetzea, ibilbide pertsonalizatuen bidez, lan-merkatura igarotzen lagunduko dietenak. Horretarako, «la Caixa» Fundazioak 289.886 euro erabiliko ditu, guztira, urte osoan zehar garatuko den programa bat finantzatzeko. Programa horrek, gehienez ere, 150 pertsonari egingo die mesede, haien espetxe-, lege- eta dokumentu-egoerak lan-kontratazioa ahalbidetzen badu.
San Jose sailburuak programa horren garrantzia azpimarratu du, eta nabarmendu du «askatasunaz gabetutako pertsonen gizarteratzea eta laneratzea funtsezkoa dela pertsona horiek birgaitzeko eta gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko. Hitzarmen honek gure administrazioak benetako gizarteratzearekin duen konpromisoa islatzen du, norbanako bakoitzari bere autonomia berreskuratzea eta lan-etorkizun duin batekin bizitza berregiteko aukera izatea ahalbidetuko dioten ibilbide pertsonalizatuen aldeko apustua eginez «.
Lan-etorkizun egonkorra
Reincorpora programak ikuspegi integrala du, parte-hartzaileei lan-etorkizun egonkor eta kalitatezkoa lortzeko beharrezko tresnak emango dizkiena. Horretarako, ibilbide pertsonalizatu bat egitea aurreikusten du, gutxienez sei hilabetekoa, honako hauek barnean hartuta: prestakuntza-faseak, lanekoak ez diren praktikak lan-ingurunean benetako esperientzia har dezaten eta enplegua aktiboki bila dezaten, gizarteratzeko eta laneratzeko funtsezko beste baliabide batzuen artean. Programak, gainera, onuradunentzako garraio-kostuak estaltzen ditu, prestakuntza-zentroetara eta gizarte-erakundeetara joateko erraztasunak emanez. Hori guztia Aukerak agentziako profesionalei esker egiten da, bai eta «La Caixa» -ri lotutako gizarteratzean eta laneratzean adituak diren gizarte-erakundeetako profesionalei esker ere.
Hitzarmen honen funtsezko alderdietako bat genero-berdintasunarekin duen konpromisoa da. Askatasunaz gabetuta dauden gizonek eta emakumeek prestakuntza jasotzeko eta laneratzeko aukera berberak izango dituztela bermatzeko diseinatuta egongo dira programako jarduerak, fase guztietan ikuspegi inklusiboa izanda.
Ia % 70eko laneratze-tasa
Azpimarratu behar da, Aukerak agentziaren 2021eko transferentziaren eta jardueraren hasieraren ondoren, Reincorpora programak 170 pertsona artatu dituela (27 emakume eta 143 gizon). Gainera, 115 laneratze izan dira (17 emakumeenak eta 98 gizonenak). Beraz, programaren laneratze-tasa % 68 da.
Hitzarmen honek indartu egiten du Aukerak agentziaren eta «la Caixa» fundazioaren arteko aliantza, askatasunaz gabetutako pertsonen berreziketa eta gizarteratzea sustatzeko. Justizia eta Giza Eskubideen sailburu eta Aukerak-eko presidente María Jesús San Josék eta «la Caixa» Fundazioko zuzendariorde nagusi Marc Simónek sinatu dute akordioa.
Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentzia arduratzen da Euskadin askatasunaz gabetuta dauden pertsonen laneratzea eta gizarteratzea sustatzeaz, espetxeetan lan produktiboko eta enplegurako prestakuntzako programak kudeatuz. «La Caixa» Fundazioaren helburua, berriz, gizartearen aurrerabideari laguntzea da, arreta berezia jarrita kolektibo kalteberenetan. Incorpora programaren bidez, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen laguntzen du Fundazioak, baita askatasunik gabe egon direnak ere.