Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 2025ean Euskadiko landa- eta itsasertz-ingurunea dinamizatuko duten ekitaldi sozialak egiteko laguntzen deialdiari

0

Guztira 200.000 euro dira bost mila biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat, eta gehienez 15.000 euro jaso ahal izango dituzte

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, Euskal Autonomia Erkidegoko landa- eta itsasertz-ingurunea dinamizatuko duten ekitaldi sozialak egiteko eta minimis erregimenari atxikitako laguntzen –200.000 eurokoa– 2025erako deialdia egiten duenari. Laguntzak bost mila biztanletik beherako udalerriei zuzenduta daude, eta gehienez 15.000 euro jaso ahal izango dituzte.

Euskadin, Europar Batasunaren zati handi batean bezala, landa- eta itsasertz-ingurunean nekazaritza- eta arrantza-jarduera jaisten ari da gaur egun, eta horrek, beste ekimen batzuen artean, ingurune horiek suspertzeko ekitaldi sozialak egitea eskatzen du; izan ere, zeharkako izaera dute eta arlo soziala eta ekonomikoa zeharkatzeko gai diren energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gaitasuna dute.

“Beharrezkoa da arreta gizarte-kohesiora eta nortasunera, landa- edo itsasertz-inguruneko herri edo eremu bateko kide izatearen sentimendura, bideratzea.  Ekitaldi sozialek elkartu egiten dute eta garapenerako gaitasuna eta etorkizuna duen ingurune jakin bateko kide izatearen poza eta harrotasuna pizten dute”, adierazi du Amaia Barredok.

Sailburuaren ustez, “garrantzitsua da horiek sustatzea eta bultzatzea, nekazaritza-jarduera uztearen eta belaunaldien arteko erreleboaren krisiari aukera gisa heltzen zaion bitartean, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko pizgarri gisa, gizartearen ikuspegitik, antolaketa-diseinu malgu batean oinarritutako eredu ekonomiko berrien barruan eta ekimena eta ekintzailetza eta Interneteko sare irekiak eta lankidetza-plataformak bateratuz”.

Laguntza-programa honen bidez, landako eta itsasertzeko udalerrietan jarduerak egitea sustatzen da. Orain arte, ekitaldi gehienak hiriguneetan egiten dira, eta beharrezkoa da, beraz, ekitaldi horiek lehen sektorearen espazioetara eramateko ahalegina egitea. Aginduaren xedea Euskal Autonomia Erkidegoan landa- eta itsasertz-ingurunea dinamizatzeko ekitaldi sozialak sustatzeko 2025erako laguntzak deitzea da. Laguntzen programa hori 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatutako da. Laguntza horiek Europako Batzordearen 2023ko araudian ezarritako minimis erregimenari atxikita daude.