Gobernu Kontseiluaren adierazpena, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

0

Martxoaren 8a «Emakumeen Nazioarteko Eguna» dela eta, Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzeko konpromisoa berresten du, funtsezko tresna baitira berdintasunezko gizarterantz aurrera egiten jarraitzeko. Nahiz eta egiturazko berdintasun ezak mundu osoan dirauen eta emakumeen bizi-baldintzetan eragin negatiboa izaten jarraitzen duen, beharrezkoa da nabarmentzea berdintasun-politiken bidea luzea eta emankorra dela eta haiei esker aurrerapen garrantzitsuak lortu direla. Bai mundu mailan, bai Euskadin ere.

2025. urte honetan, Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, munduko ibilbide-orria izan dena emakumeen eta nesken berdintasunerako eta ahalduntzerako politikei dagokienez. Urte honetan ere, Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zeneko 20. urteurrena ospatzen da.

Euskadin, duela 20 urte onartutako Berdintasunerako Legea mugarri bat izan zen. Ordutik administrazioetan nabarmen handitu dira berdintasun-planak eta -egiturak, bai eta berdintasunean prestakuntza duten langileak ere; gero eta gehiago dira berdintasun-planak dituzten enpresak; aurrera egin da indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako zerbitzu eta baliabideetan; aurrera egin da emakumeek erabaki guneetan duten presentzian, eta gaur egun emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dago Legebiltzarrean eta baita botere exekutiboaren organo gorenetan ere, beste aurrerapen batzuen artean.

Hala ere, berdintasunak dakartzan onura guztiak gorabehera, ezin dugu alde batera utzi gaur egun ultraeskuinaren erreakzio bat dagoela mundu mailan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria ukatzen eta hutsaltzen duena eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituena. Ezin dugu alde batera utzi ere gazteak direla nagusiki jasotzen dituztenak halako mezuak, batez ere Interneten eta sare sozialen bitartez.

Testuinguru honetan, uste dugu beharrezkoa dela gogoratzea berdintasun-politikez eta feminismoaz hitz egiten dugunean, hitz egiten ari garela eskubideez, askatasunaz, ongizateaz, elkartasunaz, demokraziaz, errespetuaz eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunaz. Berdintasuna gizarte osoarentzako onura dela.

Beraz, herritar guztiak animatu nahi ditugu egunero berdintasunarekiko konpromisoa publikoki eta aktiboki adieraztera, eta bereziki martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean.