Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak gogorarazi du 2025eko kanpainari dagokion Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntzen eta ordainketen eskaera bakarra aurkezteko epea irekita dagoela. Interesa duten onuradunek bi hilabeteko epea dute –2025eko apirilaren 30era arte– eskaera bideratzeko, hiru foru-aldundiek euren ente elkartuekin kudeatzen duten Laguntzak Kudeatzeko Sistemaren bidez.
Aurten finantza-tresna berri bat izango da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Rural Kutxak akordio bat sinatu dute Euskadiko onuradunei Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) ordainketak aurreratuko dizkien banku-zerbitzu berri bat aktibatzeko.
Amaia Barredoren ustez, “NPBren laguntzak funtsezko babesa dira sektorearentzat, berehalako finantza-erabilgarritasuna behar duten ustiategiei likidezia ematea ahalbidetzen baitu, ustiategien egonkortasun ekonomikoan, sektorea modernizatzen eta nekazaritza-jardunbide jasangarriak sustatzen lagunduz. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearekin eta jasangarritasunean, efizientzian eta klima-aldaketara egokitzean oinarritutako nekazaritza-eredu bat garatzearekin hartuta duen konpromisoa berresten du”.
Estatuko Gobernuak onartutako NPBren 2023-2027 Plan Estrategikoak laguntza-esparru berri bat ezartzen du, eta nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriagoak bultzatzeko neurriak sartzen baditu ere, erronka bat da euskal ekoizleentzat ere. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritza lanean ari da Euskadiko nekazaritzaren eta abeltzainen kolektiboak behar duen laguntza jasoko duela eta laguntzak baldintza justu eta ekitatiboetan eskuratu ahal izango dituela bermatzeko.
Gazteak
Kanpaina honetan, NPBren Lehen Zutabeko laguntzek, Nekazaritza Bermatzeko Europako Nekazaritza Funtsaren (NBEF) bidez finantzatutakoek, jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntza, laguntza birbanatzailea eta nekazari gazteentzako laguntza osagarriak barne hartzen ditu. Gainera, klima eta ingurumena errespetatzen duten nekazaritza-jarduerak sustatzeko pizgarriak aurreikusten dira, baita ekoizpen-sektore estrategikoei lotutako ordainketak ere.
Bestalde, Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako Bigarren Zutabeko laguntzek landa-ingurunearen garapen jasangarria, ustiategien modernizazioa, biodibertsitatearen kontserbazioa eta klima-aldaketa arintzea sustatzen duten proiektuak babesten jarraituko dute. Esparru horretan sartzen dira, halaber, muga naturalak dituzten eremuetan dauden ustiategietako laguntzak ere, lurrak abandonatzea saihesteko eta esparru horietan nekazaritza-jardueraren jarraitutasuna sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta abeltzainen kolektibo osoari eskatzen dio eskura daitezkeen laguntzei buruzko informazioa bil dezatela eta izapideak ezarritako epearen barruan egin ditzatela, sektorearentzat funtsezkoak diren dirulaguntza horiek eskuratzen dituztela ziurtatzeko. Eskaera Bakarrari eta NPBren laguntzak eskuratzeari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek eskualdeko nekazaritza bulegoetara jo dezakete edo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunea kontsultatu dezakete.
Ordainketak aurreratzea
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Rural Kutxak akordio bat sinatu dute Euskadiko onuradunei Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) ordainketak aurreratuko dizkien banku-zerbitzu berri bat aktibatzeko.
Amaia Barredo sailburuak zehaztu duenez, “akordio horrek likidezia handiagoa emango die nekazaritza-ustiategiei, NPBren laguntzak aldez aurretik eskuratzea erraztuz eta lehen sektoreko ekoizleentzako plangintza ekonomiko hobea bermatuz. Ekimen honekin pertsona onuradunen finantza-egonkortasuna indartu nahi da administrazio-epeen aurrean”.
Akordioak aurreikusten du 2025eko NPBren onuradunek Rural Kutxaren bidez ordainketa aurreratzea eskatzeko aukera, beren jardueretan inbertitzeko ahalmen handiagoa izan dezaten. Eskaera Bakarra egiten den unetik, edozein bulegotara jo eta zerbitzu hori aktibatu daiteke. Zerbitzu horren bidez 2025eko NPBren onuradunei emango zaien aurrerakina 2023an jasotako ordainketaren zenbateko baliokidea izango da, % 0ko interesarekin.
Aurreikusitako aurrerakinek 12 hilabetera arteko itzultze-epea dute, eta 20.000 eurora arteko aurrerakinak eskatzen dituzten onuradunek ez dute notario-aktaren beharrik izango laguntza eskatu eta berehala. Onuradunei egotzi ahal izango zaizkien gastuak aurreratzeko eskatutako zenbatekoaren % 1,75 baino ez dira.
Ordainketak
Banku-entitateak onuradunekin egindako akordio bakoitzaren berri emango dio Eusko Jaurlaritzari. Jaurlaritzak bere organismo ordaintzailearen bidez jasoko ditu eskaera horiek, eta eskatzaileen hautagarritasuna egiaztatuko du FEGAren datuetan oinarrituta. Eskaera baliozkotu ondoren, Eusko Jaurlaritzak onuradunaren banku-kontuan egingo ditu NPBren ordainketa horiek, banku-entitatearekin ezarritako akordioaren arabera.
“Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nekazaritza-sektorearekin hartuta duen konpromisoa berretsi du, gaur egungo ekonomia- eta ingurumen-erronketara egokitzea erraztuko duten tresnak sustatuz”, nabarmendu zuen Amaia Barredok.
Banku-zerbitzu berri hori erabili nahi dutenek, Nafarroako Rural Kutxaren bulegoetara jo dezakete, edo Eusko Jaurlaritzaren webgunea kontsultatu, aurrerakinaren baldintzei eta eskakizunei buruzko informazio gehiago lortzeko.