Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordea: “Ez dago kulturarik sortzailerik gabe, baina ez dago kulturarik talentu hori erakusteko eta eskaintzeko lekurik gabe ere. Galeriek, bildumagileek eta artistek gure herriko kulturaren balio-katean betetzen duten eginkizuna aitortu behar dugu”
Madrilgo ARCO Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak gaur zabaldu ditu 44. edizioaren ateak, eta aurten ere euskal artearen hainbat ordezkari izango dira bertan. Aurten 36 herrialdetako 214 galeriak (71 naziokoak eta 143 nazioartekoak) parte hartuko dute galerista, bildumagile, artista eta komisarioentzako topagune garrantzitsu honetan.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea izan da azoka irekitzeko ekitaldian, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin batera, eta azokan parte hartuko duten bi euskal galeriak bisitatu dituzte: hitzordura ohituta dagoen Bilboko Carrera Múgica galeria, Programa Orokorrean; eta azoka honetan lehenengo aldiz parte hartuko duen Donostiako Villa Magdalena – CY Shnabel, ‘Opening – Galeria berriak’ programan.
Era berean, euren lanak ARCO Madrilen, beste galeria batzuetan, erakusten dituzten hogei bat artista euskaldunen lanak ere bisitatu dituzte: Sahatsa Jauregi (The Ryder galeria); June Crespo (Ehrhardt Flórez galeria); Nora Aurrekoetxea (Juan Silió galeria); Ines Medina (José de la Mano galeria); Mari Puri Herrero (Alvaro Alcázar galeria); Juan Luis Moraza, Manu Muniategiandikoetxea eta Bene Bergado (Espacio Mínimo galeria); Esther Ferrer eta Itziar Barrio (Angels galeria); Asier Mendizabal (Projects D galeria); Esther Ferrer (1 Mira galeria); Ibon Aranberri eta Francisco Ruiz Infante (Elba Benitez galeria); Josu Bilbao eta Itziar Okariz (Et Hall galeria); Elena Aizkoa (Rosa Santos galeria); Karlos Martinez Bordoy (Formato Cómodo galeria); eta Nahia del Castillo (Stand Prado Museoa).
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak nabarmendu du euskal artistek, galeristek eta bildumagileek betetzen duten papera Euskadiko artearen sisteman: “Ez dago kulturarik sortzailerik gabe, baina ez dago kulturarik talentu hori erakusteko eta eskaintzeko lekurik gabe ere. Galeriek, bildumagileek eta artistek gure herriko kulturaren balio-katean betetzen duten eginkizuna aitortu behar dugu. Gure lana da sortzaileei beren talentua garatzeko tresnak ematea, bai eta euskal galeriak bultzatzea eta babestea ere sormen horri lekua emateko eta euskal artea gizartearengana hurbiltzeko. Era berean, gure kultura-sarea indartzen eta abangoardiako egiturak sustatzen jarraitu behar dugu, euskal artearen sektoreak garatzen eta mundura zabaltzen jarrai dezan, modu horretan gure herriaren kultura-nortasuna, ondare-balio unibertsala, ezagutzera emateko ere”.
Bengoetxeak, era berean, euskal arteak Madrilgo ARCO nazioarteko azokan duen presentzia esanguratsua ere nabarmendu du: “Azoka hori erakusleiho aparta eta mundura zabaltzeko aukera ezin hobea da euskal artistentzat eta galerientzat. ARCOn parte hartzea euskal kultura-industriaren kalitatearen eta gure herrialdeko sormen-talentuaren aintzatespena da. Eskerrak eman nahi dizkiet urtez urte Madrilgo ARCOra beren talentua eta gaitasun artistikoa ez ezik, gure herrialde-nortasuna ere erakustera iristen diren artista, bildumagile eta galerista guztiei”.
Bestalde, lehendakariordeak nabarmendu du Etxepare Euskal Institutuak betetzen duen papera munduan euskal kultura transmititzen: “Etxepare oinarrizko tresna da munduan gu ezagutarazteko. Hizkuntza, sormena eta nortasuna garena transmititzen duten eta Euskadi mapa globalean kokatzen duten elementuak dira. Horregatik, Etxepare Institutuak Euskadiko sortzaileen, eragileen eta erakundeen arteko lankidetzari ematen dizkion bultzada eta babesa funtsezkoak dira Euskadi Globala estrategiarako”.
Euskal artearen erakusketak Madrilen
ARCOren programazioaz gain, Madrilgo beste erakusketa-zentro batzuetan ere izango da euskal arteaz gozatzeko aukera.
Zehazki, lehen lehendakariordeak bisitatu ditu Bilbon finkatutako June Crespo nafarraren “Solar” lana Ehrhardt Florez galerian (martxoaren 6tik apirilaren 4ra); Gema Intxausti gernikarraren “The Illicit Meeting” lana, Bilboko La Taller erakusketa-espazioarekin elkarlanean, Nadie Nunca Nada No galerian (martxoaren 5ean eta 6an, aldez aurreko hitzorduarekin); eta Nora Aurrekoetxea bilbotarraren lana Juan Silio galerian, “Misty Floors Wet Skies” (otsailaren 1etik martxoaren 29ra).
ARCO Madril 2025
Edizio honetan, Amazonas izango da azokako proiektu nagusia. Horrela, Madrilgo ARCO azokak Denilson Baniwak eta María Willsek komisariatutako programa sartu du, Institute for Postnatural Studies-ekin lankidetzan. Wametisé: amazofuturismorako ideiak programak giza gorputzen, landareen, fisikoen eta metafisikoen, arteko existentzia hibridoak irudikatzen dituzten sorkuntza-modu berriei buruz hausnartuko du.
Azokako lehenengo bi egunak profesionalentzat soilik izango dira, eta ostiraletik, martxoaren 7tik, aurrera, publiko orokorrari ere ateak zabalduko dizkio, martxoaren 9ra arte.