Eusko Jaurlaritzak Gasteizko ARCA eraikina eraberritzeko proiektuaren idazketa 580.000 eurotan esleitu du

0

Eusko Jaurlaritzak administrazioaren aro berri bati ekin dio, herritarren arreta eredu hurbilago, eraginkorrago baterantz urratsak eginez, zerbitzu publikoak indartzeko helburuarekin.

Aurten, administrazioa sinplifikatzeaz gain, hobekuntzak txertatuko dira herritarren arretan, zehazki, Zuzenean zerbitzuaren aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta hobetuko dira eta Zuzenean Berria jarriko da martxan, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako bulegoen eraberritze lanen eskutik.

Hain zuzen ere, arreta atseginago eta pertsonalizatuago baten alde Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den arreta eredu berriaren eta egoitzen planaren barruan kokatzen da Arca eraikinaren proiektua idazteko esleipena.

Atelier80 Arquitectos SLP enpresa arduratuko da Arca eraikina birmoldatzeko proiektua idazteaz, 580.000 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Proiektua 4 fasetan eta 21-25 aste bitartean gauzatuko da. Proiektua egin ondoren, obrak esleitzeko prozesua abiatutako da, 2026an lanekin hasi ahal izateko.  Obra osoaren inbertsio aurreikuspena 12 milioi eurokoa da, baina aurrekontuak aldaketak izan ditzake, idazten den proiektuaren arabera.

Zuzenean Berria, beheko solairuan

Gasteizko eraikin enblematiko honek 5.800 m2 baino gehiagoko azalera du, eta bi soto, beheko solairu bat eta 5 solairu ditu guztira.

Beheko solairuak hartuko du Zuzenean Berria, Herritarren Arretarako Zerbitzua, eta gainerako solairuetan administrazio-bulegoak kokatuko dira. Hori dela eta, lehendabizi, beheko solairua birmoldatuko da eta bigarren fasean, gainerako solairuen obra egingo da, beheko solairua jada erabilgarri dagoela.

Zerbitzuak gune berean kokatu eta herritarren arretarako eremuak eraberritzearen xede nagusia da herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea, gertutasunean oinarritutako arreta pertsonalizatuago eta kanal anitzeko arreta integral eta zentralizatuago baten alde.