Atzerritarren lan-baimenen eta meteorologiaren eskumenen eskualdaketarekin, pauso bat gehiago Euskadiren autogobernuan

0

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bilera egin dute Madrilen bi eskumen berri Euskadira eskualdatzeko: atzerritarren hasierako lan-baimenak eta meteorologia.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua eta Angel Víctor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa izan dira bileraren buru. Batzordean parte hartu dute baita ere: Mikel Torres, bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak; Noël d’Anjou, Ogasun eta Finantzako sailburuak, Bingen Zupiria, Segurtasuneko sailburuak eta Begoña Perez de Eulate, Autogobernuko zuzendariak.

Lan-baimenen arintzea, Euskadiko beharrei erantzuteko

Eustaten 2024ko datuen arabera, Euskadin 217.489 atzerritar bizi dira, biztanleria osoaren %9,9, eta atzerritarren %14,7 dago langabezian. 5.000 pertsona baino gehiagok jaso dute prestakuntza Lanbiden, baina ezin izan dute lanean hasi dokumentazio faltagatik.

Lan-baimenen eskumena eskualdatuta, Eusko Jaurlaritzak modu arinagoan kudeatu ahal izango ditu lan-arloko izapideak, atzerritarrek era arautuan lan egiteko aukera izan dezaten eskulan beharra dagoen sektoreetan. Eskumen hau, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kudeatuko du.

Aurrerantzean, Euskadik honako baimenak eman ahal izango ditu: besteen kontura edo norberaren kontura lan egiten duten langileentzako hasierako lan-baimenak; mugaz gaindiko langileentzako lan-baimenak; sasoiko jardueretarako lan-baimenak eta ikasketengatik, ikasleen mugikortasunagatik, boluntariotza-zerbitzuagatik edo prestakuntza-jarduerengatiko egonaldi luzeetarako lan-baimenak.

Hasierako lan-baimenen iraupena urtebetekoa izango da eta  ezinbestekoa da lan-harremana Euskadin garatzea baimena jasotzeko.

Era berean, Euskadik jatorrizko kontratazioetan parte hartu ahal izango du eta Eusko Jaurlaritza arduratuko da, baita ere, atzerritarren lan-eta gizarte-errotzeetan eta prestakuntza-eta gizarte-errotzeetan, lan- eta prestakuntza-baldintzak egiaztatzeko txostenak egiteaz,  Espainiako gobernuak ematen dituen egoitza-baimenen izapidetzea arintzeko.

«Egungo testuinguru sozioekonomikoan, – adierazi du Ubarretxena sailburuak- Euskadik langileak behar ditu hainbat sektoretan; erronka demografikoa da aurrez-aurre dugun erronka handienetariko bat eta horregatik, atzerritarren laneratzea funtsezkoa da Euskadiren garapen ekonomikorako”.

Abisuak eta alertak ematea eta nazioarteko foroetan parte hartzea

Meteorologiako eskumenak lotura zuzena du hondamendi naturalak prebenitzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko politikekin.

1983ko uholdeen ondotik, Eusko Jaurlaritzak, Euskalmet, aurreikuspen eta iragarpen meteorologikorako sistema propioa  sortu zuen. Orduz geroztik, estatuko eta Euskadiko meteorologia agentziak -Aemet eta Euskalmet- batera jardun dute Euskadin. Gaurko akordioaren baitan, meteorologia arloko eskumenak eta harreman mugatu dira,  bi agentzien arteko lankidetza eta koordinazioa handituz. Eskumen hau, Segurtasun Sailak kudeatuko du.

«Euskalmetek fenomeno meteorologikoek izan ditzaketen eragin eta ondorioei buruzko alerta eta abisuak emango ditu, udalerri edo eskualde bakoitzaren aldagai orografiko edo urbanistikoak eta Euskadiko Segurtasun Plan Orokorra kontuan hartuta», azaldu du Ubarretxena sailburuak.

Akordio honen eskutik, Eusko Jaurlaritzak denbora errealean eskuratu ahal izango ditu estatuko agentziaren azpiegitura meteorologikoen datu guztiak, bai eta estatuko eta nazioarteko abisu eta datu meteorologiko guztiak ere.

Era berean, euskal erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute meteorologiari eta klimari buruzko nazioarteko lantalde, foro eta proiektuetan, hala nola Munduko Meteorologia Erakundean (OMM), Epe Ertainerako Iragarpenerako Europako Zentroan edo Lurraren Behaketa Taldean (GEO). «Horrela, Euskadik ahots propioa izango du eta presentzia handiagoa izango du Europako eta nazioarteko erakundeetan», berretsi du Ubarretxenak.

Bestalde, bileran Donostiako «Villa Etxaide Borda» Eusko Jaurlaritzaren esku uztea ere adostu da.

Azkenik, Euskadi Igeldoko Behatoki Historikoaren parte izango da.  1905. urtean estreinatu zen behatoki honen sortzailea izan zen Hernaniko Juan Miguel Orcolaga jesuita. Gipuzkoako Foru Aldundiarena izan zen zentroa 1940. urtean Espainiako Meteorologia Zerbitzuaren esku utzi zen arte. Eta orain, Euskadik, berriro ere parte hartuko du behaketa meteorologikoan eta behaketa fenologikoan diharduen ehun urte ditu baino gehiagoko zentro honetan.

Sintonia ona eta erritmoa eskumenen eskualdaketan

Sailburuak bi gobernuen arteko «sintonia ona» nabarmendu du eta talde teknikoak egiten ari diren lana eskertu du.

Ubarretxena pozik agertu da lortutako akordio berriarekin eta eskumen berrien garrantzia azpimarratu du: “eskualdaketa bakoitza aurrerapauso bat da eta eskumen bakoitzarekin gure autogobernua zabaltzen ari gara, erabakitzeko gaitasuna handitzen, herri gisa hazteko eta ongizatean aurrera egiteko”.

«Urrats berriak ematen eta gainerako eskumenak lantzen jarraitzen dugu, eskumen bakoitzaren jardun-eremua eta egungo errealitate juridikoa kontuan hartuta, negoziazioak erraztu eta arinduko dituzten bloke berriak ezartzeko. Une honetan, 5 eskumen barnebiltzen dituen gizarte segurantzaren multzora bideratzen ari gara gure ahalegin eta baliabideak guztiak”, nabarmendu du Maria Ubarretxena sailburuak.

«Konpromiso irmoa dugu, borondate politikoa dago eta adostutako egutegi bat dugu; zorroztasunez eta exijentziarekin ari gara lanean Estatutua bere osotasunean betetzeko», berretsi du Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak.