Euskadik tresna berriak behar ditu herri gisa hazteko

0

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko «Boulevard» saioan.

Lehenik eta behin, egungo egoera geopolitikoari erreparatuz, Lehendakariak Estatu Batuetara egingo duen bidaiaren egokitasuna azpimarratu du, «oso bidaia garrantzitsua da etor daitekeenaren aurrean prest egoteko eta etor litezkeen egoerei aurre hartzeko”. Bozeramaileak adierazi duenez, Gobernua ari da zentzu horretan neurriak hartzen eta Finantzen Aliantza aipatu du adibide gisa. «Euskadik elementu bereizgarriak ditu eta izaera industrialeko herria da gurea; hori dela eta, Euskadik zer esana izan behar du Europaren berrindustrializazioan”, esan du.

Transferentzien negoziazioari dagokionez, sailburuak nabarmendu du «tresna berriak behar ditugula Euskadiko errealitate berriari hobeto erantzuteko”.

Zentzu horretan, azaldu du atsedenik gabe ari direla gainerako eskumenen gainean lanean, «eskumenak lau multzotan bildu ditugu: gizarte-segurantza, azpiegiturak, segurtasun publikoa eta finantzak eta enpresa, eta gizarte-segurantzaren blokean jarri ditugu gure indarrak, multzo honek 5 prestazio desberdin biltzen ditu». Sailburua baikor agertu da aurten Gernikako Estatutua osorik betetzeari dagokionean.

Espainiako Gobernuaren eta Juntsen arteko migrazioari buruzko akordioaren inguruan galdetuta, bozeramaileak esan du: «akordio honetan badira gure interesekoak izan litezkeen gaiak, hala nola egoitza-baimena emateko aukera izatea; mugarri garrantzitsua izan litekeena”.

Azkenik, Estatutu Berriari dagokionez, Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du gaurko Euskadik ez duela zerikusirik duela 40 urteko Euskadirekin, «hausnartu behar dugu zer tresna berri izan beharko lituzkeen Euskadik etorkizunari aurre egiteko; estatutua da herrialde batek dituen errealitate berriei aurre egiteko duen tresnarik garrantzitsuena; beraz, hausnarketa garrantzitsua da, sakonekoa eta ibilbide luzekoa, herri ikuspegitik eta herri sentimenduarekin egin beharrekoa, ongizatean aurrera egiteko eta herri gisa hazteko; eta uste dut aukera handia dugula eta oinarri nahikoak ditugula akordio bat lortzeko», amaitu du Ubarretxenak.