Javier Hurtado sailburua eta Esther Apraiz EUDELeko presidentea bildu dira, udal plangintzan erabilera turistikoa arautzeko gida berriari buruz hitz egiteko

0

Euskal Udalen Elkarteak Euskadiko udalentzako gida bat egin du, hirigintza-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko oinarri komunak eta orientabideak emateko, arreta jarrita Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan (ET) eta Erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako Logeletan (LT).

Lan honekin, Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzuten dio EUDELek, eta erakundeen arteko lankidetza-testuinguru horretan kokatzen da Esther Apraizek, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, eta Javier Hurtadok, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, bakoitzaren taldeekin batera, Euskadiko Udalen Elkarteak eskatuta, Sailari dokumentua aurkezteko gaur Lakuan egindako bileran.

Esther Apraizek azaldu duenez, «kontua ez da udalentzat nahitaezko erregulazio eredu bat eskaintzea, baizik eta elkarrekin egin beharreko gogoeta” jorratzea, «bai hiri-inguruneetan bai landa-inguruneetan turismo-ostatuak erabiltzearen inguruko hiri-antolamendurako».

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, «HAPO hirigintzak ematen digun tresna baliotsua da, herri/hiri bakoitzaren eredua diseinatzean turismoa txertatzeko, erabileren oreka bideratuz eta gune turistikoetan bizi diren herritarrei eta, oro har, bizilagunei kalte egitea saihesten ahaleginduz».

Sailburuak azaldu duenez, dokumentuak askotariko alderdiak aztertzen ditu; “horietako asko aspalditik lantzen ari gara Sailean, adibidez, Turismoaren Lege berriak edo Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialak ekarriko duten araudia eguneratzea. Garrantzitsua da dokumentu hau eta etorkizunean egin daitezkeen garapenak baliagarriak izatea udalek hirigintza-erregulazioaren arloan turismoari dagokionez dituzten eskumenak hedatzeko. Eusko Jaurlaritzatik, gure arau-esparrua hobetzen jarraitzen dugu, baita beren eskumenak gauzatzen lagun diezaieketen tresnak ere”.