7,3 milioi euro 7 eta 15 urte bitarteko haurren aho-hortzetako osasunerako

0

Gobernu Kontseiluak 7,3 milioi euroko gastua onartu du Haurren Hortzetako Programa (PADI) 2025ean garatzeko. Programa horrek aho-hortzen osasunaren arloko prestazio sanitarioa bermatzen die doan 7 eta 15 urteko herritarrei.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, PADIk 200.000 haur baino gehiago artatzen ditu doan eta Euskadiko odontologo eta estomatologoen elkargo ofizialen laguntzarekin eramaten da programa aurrera.

Osakidetzak 30 urte baino gehiago daramatza zerbitzu hau ematen. Iazko azarotik, 0 urtetik 6 urtera bitarteko haurrei zabaldu zaie aho-hortzen zerbitzua, 108.000 haur gehituta doako arreta-programara.

Jaurlaritzaren bozeramaileak aipatu duenez, «EAEko eskola-umeen aho-hortzetako osasuna Estatuko onena dela aitortu digute, Europar Batasuneko onenetakoa, Danimarka bezalako herrialdeen pare-parean”.

Era berean, 2023az geroztik, Osakidetzak aho-hortzetako osasun-zerbitzuen zorrora batu ditu kolektibo berriak. Hala, 2024an, haurdunaldiko hortzetako prebentzio-jarduerak jaso ziren zerbitzu-zorro berriaren proiektuan eta Osakidetzako Lehen Arretako hortz-unitate guztietan eskaintzen da jada programa hori. Paziente onkologikoentzako hortz-programa, bestalde, Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan eskaintzen da.

Segurtasun Sailaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena

Jaurlaritzak baimena eman du larrialdien kudeaketaren arloan Gasteizko Udalarekin 2021ean sinatutako lankidetza-hitzarmena luzatzeko.

Maria Ubarretxenak azaldu duenez, akordio honen bidez, SOS Deiak-ek eta Gasteizko Udaleko Prebentzio, su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak elkarrekin erantzungo diete baliabideak mobilizatzea eskatzen duten gertakariei.

Gainera, hitzarmenak, besteak beste, bi erakundeen lankidetza aurreikusten du taktika operatiboen prestaketa, jarraipen, ebaluazio eta funtzionamenduari dagokionean.

Bozeramaileak azaldu duenez, akordioan jasotako beste edukien artean dago, larrialdiak kudeatzeko baliabide teknologikoen eta baliabide komunen eraginkortasuna hobetzen lagunduko duen informazio espezifikoaren trukea indartzea.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena