Imanol Pradales lehendakariak gaur iragarri duenez, Euskadik Estatu Batuetan duen presentzia indartuko du ordezkaritza iraunkor baten bidez. Ordezkaritza hori Washingtonen egongo da, eta bere helburua Estatu Batuetan euskal herritarren presentzia areagotzea izango da. Egoitza berri hori irekitzeko Washington aukeratu izanak Lehendakariak eta Jaurlaritzak Euskadiren eta Estatu Batuen arteko harremana indartuko duten aliantza berriak zabaltzearen alde lan egiteko nahiari erantzuten dio, interes komunen defentsan lotura politiko, ekonomiko, enpresarial eta sozial berriak ezartze aldera.
Halaber, urtarrilaren 21ean, Pasaian, Euskadi Globala estrategiaren oinarrien aurkezpenean berak defendatu zuen bezala, Euskadiri eragiten dioten erabakiak hartzen diren lekuetan eta mahaietan egoteko helburua ere badu ordezkaritza horrek. «Partida munduan jokatzeak arauak idazten diren lekuetan egotea esan nahi duelako«, defendatu zuen orduan, eta gaur gogoratu du.
Ildo horretan, Imanol Pradalesek azpimarratu du Euskadi ezin dela munduan gertatzen denetik kanpo geratu, eta beharrezkoa dela «antenak» eta solaskideak izatea euskal enpresei eta gizarteari entzungo zaiela bermatuko duten aliantzak ezartzeko.
Washingtonen garrantzia
Washington DCko euskal komunitatea Euskaditik joandako profesional gazteen presentzia zabala duelako nabarmendu da; gazte horiek, Eusko Jaurlaritzaren BEINT nazioartekotze-beken programan parte hartu ondoren, hainbat erakunde multilateraletan lanpostuak lortzen dituzte, hala nola Munduko Bankuan edo Garapenerako Banku Interamerikarrean. Era berean, nazioarteko erakundeetan eta NASA edo Erreserba Federala bezalako erakunde nazionaletan ibilitako profil seniorrago batzuk ditu komunitateak.
Estatu Batuetako hiriburuan dauden balio ekonomiko eta enpresarial handiko profil horiekin batera, Washington da, gainera, herrialdeko erdigune politikorik garrantzitsuena erabakiak hartzeko garaian, bertan baitaude Ordezkarien Ganbera eta Senatua. Hain zuzen ere, Alderdi Demokratako kongresukide Joaquin Castro eta John Garamendirekin, eta Alderdi Errepublikanoko kongresukide James E. Risch-ekin izandako bileren ostean —bakoitzak bere aldetik— egin du iragarpena Imanol Pradalesek. Haiekin iritziak trukatu ditu Donald Trumpek Etxe Zurira itzultzean egindako politika berriari buruz eta horrek euskal ekonomian duen eragin garrantzitsuari buruz.
Haiekin, Lehendakariak Euskadirentzat funtsezkoak diren sektoreen etorkizuna definituko duten eztabaidak eta erabakiak zein unetan dauden aztertu du, besteak beste muga-zergen politikari, merkataritza-erregulazioei, energia-araudiei eta industria estrategikoetan (aeronautikan eta automobilgintzan,) izango duten eraginari dagokienez.
Horren harira, azaldu die Washingtonek ezarritako edozein oztopo komertzialek eragin nabarmena duela Euskadiko industrian eta merkataritzan, EAEko esportazioen % 8 Estatu Batuetako merkatura bideratzen baitira (hirugarren herrialdea kanpo-salmentak, Frantzia eta Alemaniaren ondoren). Erdi manufakturatutako produktuei dagokienez (aluminioa eta altzairua, esaterako), Pradalesek gogorarazi die AEBra egindako esportazioen % 1,3 direla, mahastizaintza- eta ardogintza-industria ahaztu gabe (AEBko merkatua baita ardoaren erosle nagusietako bat).
Azken bilera John Garamendi euskal jatorriko kongresukidearekin egin du. 2016an, Garamendi Gernikako Arbolaren kimu bat Kapitolioko Bakearen Parkean ereiteko ideiaren sustatzailea izan zen, eta Lehendakariarekin batera bisitatu du lekua.
Erakunde-sare zabala
Eusko Jaurlaritzak ordezkaritzen sare instituzional zabala du; guztira 6 bulego ditu guztira: Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritza (Brusela), Euskal Autonomia Erkidegoaren Argentina-Mercosurreko Ordezkaritza (Buenos Aires), Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritza (egoitzak Santiagon eta Bogotan), Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza (New York), Euskadiren Mexikoko Ordezkaritza (Mexiko Hiria) eta Euskadiren Madrilgo bulegoa.
Eusko Jaurlaritzak kanpoan dituen delegazioak ordezkaritza-bulegoak dira, eta Euskadik nazioartean duen presentzia instituzionala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala indartzea dute helburu. Horien bidez, beste herrialde batzuekiko harremanak bultzatzen dira, euskal enpresen nazioartekotzea sustatzen da eta lankidetza pizten da, besteak beste, berrikuntzaren, hezkuntzaren eta kulturaren arloetan. Gainera, euskal diasporarekiko harremana errazten dute, eta atzerrian euskal herritarrentzako erreferentzia-puntu gisa jarduten dute, Euskadiren posizionamendu globalari lagunduz.
Eusko Jaurlaritzak atzerrian zabaldu zuen lehen ordezkaritza 1994an inauguratu zen Bruselan. Bulego horren helburua Euskadiren interesak Europako erakundeen aurrean ordezkatzea zen, Euskadik Europar Batasuneko proiektu eta programetan parte har zezan sustatuz.