Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu aurten 7 eta 15 urte bitarteko haurren hortzak zaintzeko padi programara

0

Gobernu Kontseiluak 7.270.615 euroko gastua baimendu du, Haurren Hortzak Zaintzeko 2025eko Programarako. Azken hiru hamarkada luzeetan, programa horrek bermatzen du 7 eta 15 urte bitarteko euskal biztanleriari aho-hortzetako osasunaren arloan eskaintzen zaion osasun-zerbitzua.

Duela 34 urtetik, Euskadik Haurren Hortzak Zaintzeko Programa —PADI— du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak sortua, haurren aho-hortzetako osasuna bermatzeko, hortzeria ona eta zaintza-ohitura osasungarriak garatzeko adin-tarte erabakigarria barne hartuz.

Haurren Hortzak Zaintzeko Programak 200.000 haur inguru artatzen ditu doan urtero, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen elkargo ofizialen laguntzarekin. Horrela, gaitutako dentisten koadro zabal batek parte hartzen du bertan, Osakidetzako profesionalez gain. Haurren Hortzak Zaintzeko Programak barne hartzen duen urteko azterketarekin, dentistak txantxarra detektatu eta garaiz tratatu ahal izango du haurrei hortzak ateratzen zaizkien eta hortzeria iraunkorrerantz bideratuta dauden etapetan, nahiz eta inolako alterazio edo eragozpenik ez hauteman. Gainera, zainketa prebentiboak eta zuzentzaileak azaltzea ahalbidetzen du, eta ahoko higiene-ohiturak indartzen ditu.  Aldizkako kontsultetara joatea aho-hortzetako osasuna babesteko eta zaintzeko modu bat da, bai haurtzaroan, bai helduaroan.

Gainera, joan den azarotik, Osakidetzak zabaldu egin du bere sare osoan ematen duen estaldura 0 eta 6 urte bitarteko neska-mutilentzat; hala, haur horiek beren erreferentziazko osasun-zentroko odontologia-kontsultetara joan daitezke. Kalkuluen arabera, 108.000 adingabe inguruko xede-populazioarentzat onuragarria izan daiteke zerbitzu berri hori. Horrela, txantxarraren hasierako lesioen prebentzioan eta detekzio goiztiarrean jartzen da arreta, baita bizitzaren hasierako etapetan ere, lehen esne-hortzak ateratzen direnean.

Era berean, 2023az geroztik, Osakidetza kolektiboak gehitzen ari da aho-hortzetako osasun-zerbitzuen zorro berrira. Hala, 2024an osatu zen emakumeen haurdunaldian hortzetako prebentzio-jarduketen hedapena —zerbitzu-zorro berriaren proiektuan jasotakoak— Osakidetzako Lehen Mailako Arretako hortz-unitate guztietan. Bestalde, paziente onkologikoentzako hortz-prestazioak Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan jada aplikatzen ari dira.

Azken hamarkadan, EAEko haurren aho-hortzetako osasuna Estatuko onena bihurtu da, eta Europar Batasunaren buruan dago, Danimarka bezalako herrialdeekin batera. Hala erakusten du EAEko Aho-hortzetako Osasunaren IV. Azterketa Epidemiologikoak. Txosten hori, 1988az geroztik, hamar urtean behin egiten da Euskadin, eta 7, 12 eta 14 urteko haurren aho-hortzetako osasunaren erradiografia eskaintzen du, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak garatutako politiken eragina ebaluatzeko balio du.

Hala ere, etengabeko hobekuntzaren filosofiatik abiatuta eta emaitzak optimizatzeko helburuarekin, Osasun Sailak iragarri du herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina bat garatzea aurreikusi duela, arreta berezia eskainiko diena PADIren estaldura-tasa txikienak dituzten Euskadiko eremuei, hala nola landa-eremuei edo hiriguneetatik urrun daudenei.