Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko negoziazioek zabalik jarraitzen dute. Joan den asteko ostegun eta ostiralean bildu ziren bi taldeetako negoziazio mahaiak, eta sindikatuek aurrerapenak onartu dituzte. Horregatik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta zerbitzuen sailburuordea, Blanca Guerrero, harrituta agertu da sindikatuek greba-deialdi berria iragarri ondoren.
Berak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak irekita ditu negoziazioak bost mahai sektorialetan, «dagoeneko akordioak ditugu horietako hirutan, eta gainerakoetan proposamenak egiten jarraitzen dugu», iragarri du. «Ez ditugu ulertzen defendatzen ari diren interesak, baina hezkuntza-kalitatea, ikasleak eta familiak ez dira inola ere defentsa horren parte» amaitu du sailburuordeak.