George Washington Unibertsitateko ikasle, arduradun eta adituekin partekatu du Pradales Lehendakariak Atlantikoaren bi aldeetan demokrazia hobea lortzeko gogoeta
Lehendakariak Estatu Batuen eta Europaren arteko beharrezko lankidetza defendatu zuen atzo, zarata mediatikoa eta politikoa gaindituko duten elkar ulertzeko «formula berriak» aurkitzera behartuta baitaude. Horrela adierazi zuen Imanol Pradalesek George Washington Unibertsitateko School of Media and Public Affairs erakundeak antolatutako mahai-inguruan.
Peter Loge zuzendariak moderatu zuen topaketa, eta unibertsitate horretako ikasle ugari eta profil handiko adituak izan ziren bertan: Sara Jones, German Marshall Fund erakundearen lidergo programen zuzendaria; Spencer Boyer, kanpo-politikan, segurtasun nazionalean eta nazioarteko harremanetan aditua den abokatua; Erol Yayboke, Hillary Clintonen kanpaina presidentzialeko aholkularia; Dan Estrepo, abokatua eta CNNren kolaboratzaile politikoa; Juan Sebastián González, Mendebaldeko Hemisferiorako Segurtasun Kontseilu Nazionaleko zuzendari nagusi ohia Joe Bidenen gobernuan; edo Jeta Abazi, komunikazio politikoan espezializatutako kazetaria.
Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek joera antidemokratikoen gorakadaz ohartarazi zuen eta egungo testuinguruan balio demokratikoak indartzeko beharra azpimarratu zuen. Pradalesek adierazi zuenez, demokraziaren aurkako mehatxuak, kasu askotan, sistemaren beraren barrutik datozela, gizartearen ondoeza, politikarekiko desafekzioa, eta komunikazio- eta informazio-sistemen eraldaketa baliatuz. «Olatu autoritarioek ukatu egiten dute desberdina, eta munduaz duten ikuspegia inposatzen dute, oinarri demokratikoak higatzen dituzten irtenbide sinplistak aurkeztuz», ohartarazi du.
Era berean, arreta berezia jarri zuen komunikabideen eta informazioaren aldaketek espazio publikoaren eraikuntzan duten eraginean. «XVIII. mendetik aurrera, sistema demokratikoek bilakaera izan dute komunikabideen eskutik. Hedabideek iritzi publiko informatua eta parte-hartzailea ahalbidetu dute eta», gogorarazi zuen. Hala ere, audientzien zatiketa, mezuen pertsonalizazioa eta algoritmoen manipulazioa ekosistema informatiboa aldatzen ari direla adierazi du, demokraziarentzat aurrekaririk gabeko erronkak sortuz.
«Eztabaidarako, informaziorako eta komunikaziorako espazio publiko berri hau nola artikulatu eta arautu behar den pentsatu behar dugu, demokraziaren defentsa eta indartzea bermatzeko», adierazi zuen. Halaber, teknologiak eta adimen artifizialak demokraziaren etorkizunean duten zereginari buruzko hausnarketa sakona egiteko deia luzatu zuen.
Europaren papera
Europako egungo egoerari eta Trumpen administrazio berriarekiko harremanei buruzko hausnarketa ere egiteko aukera izan zuen lehendakariak. Ildo horretan, ohartarazi zuen EBn «presazko zentzua» kontzeptua finkatu dela azken urteetako aldaketei aurre egiteko, AEBko presidente berriaren etorrerak bizkortuta. Hain zuzen ere, esan zuen bere politikek erakusten dutela Etxe Zuria ez dela baldintzarik gabeko aliatua Europarentzat.
«Multilateralismoaren ahultzea, munduaren itxiera eta potentzia batzuen irrika inperialistak agerian daude. Europak Europa izaten jarraitu behar du», adierazi zuen bertaratutakoen aurrean, «Europako proiektua indartu behar dugu, eraldaketa eta apustu garrantzitsuekin», Draghi, Letta eta Niinistoren txostenen ildotik.
Amaieran, Imanol Pradalesek berretsi egin zuen demokraziarekin eta humanismoarekin duen konpromisoa, eta elkarrizketa eta lankidetza defendatu zituen.