Mikel Jauregi, Euskadi Irratian «mundu mailan zabaltzen ari den ziurgabetasunaren aurrean, Euskaditik multilateralismoaren aldeko apustua egiten dugu»

0

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Eskainitako elkarrizketan, sailburuak aztertu egin ditu gaurkotasun ekonomikoarekin lotuta dauden hainbat ga¡.

«Egoera ekonomikoa nahiko ona da bai Euskadin, baita Europan ere. Ziurgabetasun handia daukagu mundu mailan, eta horren aurrean gerta daiteke jende askok ez inbertitzea erabakitzea, eta ekonomia gelditzen joatea poliki poliki. Horregatik, ziurgabetasun horren aurrean guri tokatzen zaigu enpresei ziurtasuna ematea», azaldu du Jauregik.

Etxe Zuria ezatzen ari den muga-zerga berrien inguruan, sailburuak esan du «Euskadi herri esportatzailea da, beraz muga-zergek eragina izango dute gure esportazioetan. Baina eragin hori nahiko txikia izango da. Kezkagarria da sortzen ari den dinamika, gerra komertziala ikusten ari gara. Harresiak eraikitzen ari da munduko lehen ekonomia den Estatu Batuak muga zergen bitartez, eta horrek aldaketa globala suposatzen du. Liderra da arlo askotan, teknologian batez ere. Historikoki Europarako aliatua izan da, baina orain paradigma aldaketa ikusten ari gara, eta ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den. Horren aurrean, Lehendakariak multilateralismoa aldarrikatu du bere Estatu Batuetara bidai ofizialaren hasieran, horrekin geratuko nintzateke, ezberdinen artean akordioak lortzeko gaitasunarekin».

«Europatik gure soberania eta autonomia defendatu behar ditugu. Gure burua defendatzeko aukeraren aldeko apustua egin behar dugu. Zein izan daiteke Euskadiren ekarpena? Ahalmen industriala eta teknologikoa, Europako segurtasun estrategia berria babesteko. Euskaditik badugu muskulo handia zibersegurtasunaren arloan, adibidez», gehitu du sailburuak.

Balentziaga Ontziolaren egoerari buruz, Jauregik baloratu du «COFIDESek borondate ona erakutsi du, beraien zorra barkatzeko bidean daudelako. Zorraren kita laster sinatuko da, kapitulu bat itxiz eta berri bat irekiz. Hemendik aurrera inbertsiore berri bat behar dugu, bi hautagai ditugu, bat Estatukoa, bestea nazioartekoa. Garrantzitsuena da proiektu industrial sendo bat edukitzea, eta hori izanez gero gu prest egongo ginateke laguntza emateko. Inbertsore berriekin gabiltza hizketan, hor dago Andoitz Korta industria sailburuordea eta bere lantaldea».

«Talgoren kasuan, espero dugu behin betiko akordioa laster ixtea. Erosle berria aztertzen ari da enpresaren barneko egoera, audiotria moduan. Guk bazkide industrial bat bilatzen lagundu dugu, proiektu industrial sendoa ekarriko duela. Talgo operazioarekin, guk sustatu nahi ditugu enplegua, errotzea eta balio-katean sortzen den eragin positiboa», esan du Mikel Jauregik.

«Atzerriko funts pribatuen mentalitatea da enpresak merke erosi eta garesti saldu, eta horri aurre egiteko beste aukera sortu egin behar dugu. Horregatik martxan jarri dugu Euskal Finantza-Aliantza, enpresek kapitala lortzeko beste ibilbide bat izateko, tokikoa dena», azaldu du sailburuak. «Dinamika industriala sortu nahi dugu, eta uzte dugu une erabakigarri honetan gure aurrezkiak hemengo industria bultzatu behar dutela, errentagarritasuna sortuz».

Bukatzeko, energia berriztagarrien egoera ere baloratu egin du Jauregi sailburuak «herri aurreratu gisa, %8ko sorkuntza berriztagarria izatea ez da onargarria. Orekatu behar dugu non dagoen eguzkia eta haizea, eta non ez diogu kalterik egiten ingurumenari. Mapa hori prest daukagu, eta berriztagarrien planta berriak, bai eolikoak eta baita fotovoltaikoak ere, behar ditugu transtizio energetikoari herri gisa ekiteko».