Euskadi 2030erako Plan Onkologiko Integral berria amaitzen ari da

0

2030erako Euskadiko Plan Onkologiko Integral berriak lehentasunezko sei arlo biltzen ditu: pertsonak ardatz; sustapena eta prebentzioa; detekzio goiztiarra; arreta integrala eta integratua; osasun-emaitzak; erregistro-, informazio- eta zaintza-sistemak; eta ikerketa eta berrikuntza.

Hala azaldu du Gontzal Tamayo Osasun Saileko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendariak, ONkologia 360 jardunaldiaren barruan, Donostian. Bertan, 2024ko irailean hasitako partaidetza-prozesu zabal baten esparruan Euskadi lantzen ari den zirriborroa azaldu du, aurreko eta lehen 2018-2023ko Euskadiko Plan Onkologikoari jarraipena emango diona. Zehazki, hainbat esparrutako 160 profesional inguruk hartzen dute parte 2030 helburu jarrita diseinatutako planaren helburuen eta ekintzen definizioan; bertan, Pazienteen Elkarteen, Minbiziari buruzko Euskadiko Aholku Kontseiluen eta Osakidetzako profesionalen ekarpenak ere jasotzen dira.

Planteatutako lan-ildoek Europako ekimenak ere hartzen dituzte kontuan, Euskadin minbiziaren arreta Europako estandarretara egokitzeko helburuarekin. Era berean, planak adierazle multzo bat izango du, haren ezarpena eta Euskadin minbiziaren epidemiologian hark dituen ondorioak ebaluatzeko.

Minbizia da Euskadiko biztanleen heriotza-kausa nagusia; bertako biztanleen % 27 minbiziaren ondorioz hiltzen dira. Hala, plan berriak estrategia integrala, parte-hartzailea, jasangarria eta dinamikoa ezartzea du helburu, minbiziaren arloan jarduketak bikaintasunean, ebidentzia zientifikoan eta ekitatean oinarrituta bideratuko dituena, eta euskal herritarrei balioa emango diena osasun-emaitza hobeei dagokienez.

Horretarako, zenbait printzipiotan oinarritzen dira profesionalek eta parte-hartzaileek osatutako lantaldeak prestatzen ari diren helburuak eta ekintzak. Printzipio horien artean daude:

  • Arrisku- eta prebentzio-faktoreak (lehen mailako prebentzioa).
  • Minbiziaren detekzio goiztiarra (bigarren mailako prebentzioa).
  • Diagnostiko-susmoa dagoen pertsonetan diagnostiko goiztiarra.
  • Arreta integrala eta mailen arteko koordinazioa diagnostiko-fasean, tratamendu-fasean, minbizitik bizirik atera diren pertsonengan eta bizitzaren amaieran.
  • Parte-hartze komunitarioa, pazientearen esperientzia eta humanizazioa.
  • Balioari begira, emaitzei
  • Desberdintasun sozialak murriztea eta ekitatea.
  • Genero-ikuspegia.
  • Esku-hartzeen kalitatea, garapen jasangarria, eraginkortasuna eta efizientzia.
  • Informazio fidagarria eta ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzea.
  • Plana dinamizatzea, I+G+Bn egindako aurrerapenetan
  • Gaixotasunaren protagonista eta eragile aktiboa.
  • Osasuna politika guztietan.

 Baheketen garrantzia

Osasun Sailak eta Osakidetzak egiten dituzten detekzio goiztiarreko baheketen garrantzia azpimarratu du Tamayok bere hitzaldian.

Bularreko minbiziaren baheketa-programak 2,5 milioi azterketa baino gehiago egin ditu 1995etik, eta 13.000 tumore inguru diagnostikatzea lortu du. Kasuen % 84an tratamendu kontserbadorea egin ahal izan da. 2024an, 715 minbizi detektatu ziren, gehienak fase oso goiztiarretan eta pronostiko onarekin, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeetan eta lehen mailako bularreko minbiziaren familia-aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeetan.

2009an abiarazitako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren bidez, 50-69 urteko programan parte hartzen duten pertsonei 4.680 tumore gaizto detektatu ahal izan zaizkie, % 71 hasierako estadioetan. 2024an, Osasun Sailak onartu zuen Programa 74 urte arteko pertsonetara zabaltzea, eta horrek ekarriko du tumore horrek kaltetutako pertsonen kopurua nabarmen jaistea eta biziraupen eta bizi-kalitate handiagoa izatea —orain arte % 95etik gorakoa da—.

Zerbixeko minbiziaren baheketa-programa 2018an jarri zen abian, eta 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago. 500 kasu baino gehiago identifikatu ditu minbizi-aurreko eta minbiziko lesioekin. Abian jarri zenetik 700.000 emakume baino gehiago deitu dituzte programan parte hartzeko, eta, 2024an, 74.500 lagin baino gehiago aztertu dira Donostiako Unibertsitate Ospitaleko baheketa-unitatean, eta minbizi inbaditzaileen % 71 hasierako estadioetan detektatu dira.

Jada existitzen ziren hiru programa horiez gain, ekainean Osasun Sailak beste baheketa bat jarriko du abian: prostatako minbizia hautemateko herritarren baheketa Osakidetzan ere ezartzea baloratzeko proiektu pilotu bat.

Protonterapia eta minbiziaren ikerketa

Bestalde, sailburuak azpimarratu duenez, Donostialdea ESIn Protonterapia Unitate berria abian jartzeak —2027an lehen pazientea artatzea aurreikusten du— eta Onkologikoa Osakidetzan integratzeak jauzi kualitatibo garrantzitsua ekarriko dute onkologiako zerbitzuen garapenean.

Era berean, Osakidetzak, Ikerketa Sanitarioko Institutuen bitartez (Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak), minbiziaren inguruko 577 ikerkuntza-proiektutan eta azterketa klinikoetan parte hartzen du gaur egun (guztizkoaren % 28). Horiek prebentzioa, diagnostikoaren hobekuntza, diziplina anitzeko arreta eta tratamendu pertsonalizatuak dituzte ardatz. Ildo horretan, Gontzal Tamayok Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko XII. Berrikuntza Jardunaldian ere parte hartu du. Bertan, osasunaren arloan berritzaileak diren hainbat ekimenen berri eman da, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko eta Biobizkaiko profesionalek garatutakoak. Zehazki, Tamayok tailer batean parte hartu du pazienteen ahotsari protagonismoa emango dion eredu bat asmatzeko, aniztasunean, entzute aktiboan eta herritarren inplikazioan oinarritutako dinamika kreatiboen bidez.