Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enplegu-plan pilotuak eta toki-garapeneko plan pilotuak sustatuko ditu 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, 2026tik aurrera Euskadiko toki-erakunde guztietara hedatzeko. Zehazki, 2025 honetan, enplegu-plan pilotu hauen diseinua garatuko da, 2026an zehar inplementatzeko, eta 2027an eta 2028an hedapen osoa lortzeko, udalekin lankidetzan.
Hala aurkeztu da asteazken honetan Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua, Enpleguari buruzko 15/2023 legearen arabera, 10.000 biztanletik gorako udalerri eta erakundeek –kuadrillak edo mankomunitateak, esaterako– enplegu plan hauek izateko betebeharra baitute. 10.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan, plan hauen inplementazioa borondatezkoa da, nahiz eta jarduera ekonomikoa eta udal enplegua sustatzeko ekintza programak egin behar dituzten, beti ere tokiko eragile sozioekonomikoen parte-hartzearekin eta fokua lehentasunezko kolektiboetan jarrita.
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua zuzendu du. Kontseilu hau euskal administrazioen enplegu-politika publikoa osatzen duten neurriak koordinatzeko, kontsultatzeko eta proposatzeko organoa da.
Torresek azaldu duenez, «organismo hau 2023an onartu genuen Enplegu Legetik sortu da, Eusko Jaurlaritzaren enplegu eta prestakuntza politika guztietan aurrerapen historikoa dakarren legea». Eta nabarmendu duenez, organo aholku-emailea izateaz gain, «Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek Eudelen bidez landuko dituzten enplegu-politika guztien kudeatzailea da».
Kontseiluaren amaieran, lehendakariordeak adierazi du «mahai gainean genituen proiektu askoren hedapena» dela, hala nola, 2030erako Euskal Enplegu Estrategiaren berrikuspena, Euskal Enplegu Sarea edo zerbitzu-zorroa. Eta azpimarratu du hitzorduak balio izan duela «Euskadiko enpleguaren, industriaren eta enplegu prestatuaren etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuak bateratzeko, eztabaidatzeko eta aurrera egiteko, kalitatezko enplegu duina lortzeko».
Zentzu horretan, enplegu eta tokiko garapen planak tokiko enplegu politikak planifikatzeko tresnak dira, hazkunde ekonomikoa eta enplegu duina helburu dutenak.
Lan Historia Bakarra
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak ere aurrera egin du Lan Historia Bakarraren ezarpenean. «Pertsona baten lan-informazio garrantzitsua laburbiltzen duen erregistroa da, enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren ikuspuntutik», laburbildu du Enplegu eta Inklusioko sailburuordeak Alfonso Gurpeguik. Aurreikusten da historia honetan enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonala agertzea, prestakuntza eta jardueren banakako zorroarekin garatutako ekintzak, sinatutako kontratuak edo jasotzen diren prestazioak edo subsidioak.
Horrela, Enpleguaren Euskal Sareko langileek enplegu-plan integratu eta pertsonalizatu bat egin ahal izango dute enplegu-politiken erabiltzaile bakoitzarentzat. Lan-eskatzaileak hobeto ezagutzea eta zerbitzuak emateko euskarri izatea da tresna honen helburua.
Mikel Torres lehendakariordea eta Alfonso Gurpegui sailburuordea ez ezik, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, María Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusia, Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu foru diputatua, Felipe García Miravalles Arabako Foru Aldundikoa, Concepción Claver Bilboko Udaleko zinegotzia, Nerea Bengoa Legutioko alkatea, Fernando Fantova Besaldikoa eta Arantza Martínez Enpleguko zuzendaria ere izan dira Kontseiluan.